Bertiz eta Donezteberen arteko lehenengo familia martxa arrakastatsua suertatu da

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 15a, 07:50

Tren turistikoan ibiltzeko aukera ere izan zuten partehartzaileek Bidasoko Bide Berdean barna.

Ehun bat lagunek parte hartu zuten eta tren turistikoaz gozatzeko aukera ere izan zuten ibilbidean

Joan den igandean, Bertiz eta Donezteberen artean Baztan-Bidasoako I. Martxa Familiarra egin zen.  Cederna Garalur Elkarteko Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak antolatuta eta Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Turismo Zuzendaritza Nagusiak – Nafarroako Erresuma lagunduta, parte-hartzaileek Bidasoako Bide Berdeaz gozatzeko aukera izan zuten. 

 

Ibilbideak Bertizko Jaurerria Parke Naturala zuen abiapuntua eta Berako Isidoro Fagoaga musika eskolako musikariek lagunduta, martxako 100 parte-hartzaileek hainbat puzzle egiteko aukera izan zuten Legasako plazan.

Aktibitatearen bukaeran, parte-hartzaileek hainbat sari hartu zituzten eta Doneztebeko Bear Zana plazara zuzendu ziren, non martxa familiarra bukatu zen. Bertan, txikiek puzgarriez gozatzeko aukera izan zuten, baita hainbat sari ere zozketatu ziren. Hau da sarien zerrenda, irabazleenarekin batera:

1. Saria: Kattalin Aterpea (Legasa) jatetxean 2 otordu – Dortsal zbk. 030: N.T.S (Doneztebe)

2. Saria: Ezkurra ostatuan (Ezkurra) 2 otordu – Dortsal zbk. 033: F.C.A (Iruña)

3. Saria: Itzalargikoborda (Elizondo) jatetxean 2 otordu – Dortsal zbk. 100: M.R.E.O (Ituren)

4. Saria: Etxalarko Herriko Ostatua (Etxalar) jatetxean 2 otordu – Dortsal zbk. 044: A.P.B (Errenteria)

 

Tren Txikitoren mendeurrena

Tren Txikitoren mendeurrenaren erakusketako antolakuntzak okasiorako utzitako tren turistikoan ibiltzeko aukera ere izan zuten parte-hartzaileek. Tren hau Bidasoako Bide Berdean ibili zen, Bidasoako Burdinbideak antzina egiten zuen moduan.

Tren Txikitoren mendeurrenaren erakusketa ibiltariari dagokionez, berriz, Berako Kultur Etxean ireki ditu bere ateak astearte honetan, irailak 13, eta irailaren 20ra arte egongo da. Gero, Igantzira (irailaren 22tik 25era) eta Sunbillara (irailaren 27tik urriaren 11ra) zuzenduko da, eskualdeko beste herrietarantz jarraitu aurretik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun