Familiei zuzendutako lehen oinezko ibilaldia antolatu dute Bertiz eta Doneztebe artean

Ttipi-Ttapa 2016ko irailaren 8a

Bidasoko Trenaren mendeurreneko erakusketa Eratsunen izanen da ortziraletik igandera.

Igandean eginen dute, Baztan-Bidasoa Turismo Garapena eta Cederna-Garalur erakundeek antolatuta

Bertiz eta Doneztebe artean familiei zuzendutako lehen oinezko martxa antolatu dute irailaren 11rako Baztan-Bidasoa Turismo Garapena eta Cederna-Garalur erakundeek, Nafarroako Gobernuaren Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak babestuta.

 

Ibilaldia igande goizeko 10etan abiatuko da eta sei kilometroko ibilbidean musika, jokuak eta ekintza ezberdinak izanen dituzte parte hartzaileek, baita Bidasoko Trenaren mendeurrenaren erakusketaren antolaketak egun horretarako utziko duen tren turistikoa erabiltzeko aukera ere.

Ibilaldian parte hartzeko lekuak mugatuak dira eta hortaz, aitzinetik 948 592386 telefonoan eman behar da izena.

 

Bidasoko Trenaren mendeurreneko erakusketa Eratsunen

Bidasoko Trenbidearen mendeurrena gogoratzeko herriz herri dabilen erakusketa irailaren 9tik 11ra, ortziraletik igandera Eratsunen izanen da. Berako Kultur Etxean irailaren 13tik 20ra egonen da ikusgai eta Igantzin besten aitzineko asteburuan, irailaren 23tik 25era egonen da ikusgai. Hemendik, Sunbillarako bidea hartuko du, irailaren 27tik urriaren 11ra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun