Hamargarren edizioa bete du aurten artzain amerikanoen bestak. Ibilbidea 2005 hasi zen, Lesakan, bertako artzain taldetxo bat bildu zenean. Hori izan zen hurrengo urtean, 2006an, berriro Lesakan, ospatu zen bestaren lehen edizioa. Horregatik, 10 urte hauetan egin diren festa eta ekimen ezberdinetako argazkiak biltzen dituen egutegi bat egin dute, eta bazkide eta erakunde desberdinei banatuko diete, euren esker ona adieraziz.
Nafarroako presidenteak harrera
Amerikan izandako Euskal Artzainen Elkarteko ordezkariei irailaren 2an Tronuaren Aretoan egindako harreran zehar, artzainei «beraien lan-bizitza guztian» Nafarroako gizarte guztiari egindako ekarpena eskertu zien Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, bai eta «guztioi ematen diguzuen ahalegin eta hobetzeko grinaren eredu bikain» horrengatik ere. Ekitaldi horretan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere parte hartu zuen.
Uxue Barkos gustura agertu zen Nafarroako Gobernuak Amerikako Euskal Artzainen Elkarteko kideei eskainitako harreran parte hartu izanagatik. Elkarte horretan «beharrak jota gure lurretatik kanpora joan behar izan zuten gure seme asko batzen dira; pertsona horiek, denbora eta distantzia beren alde izan ez arren, gure lurrarekiko, bertako hizkuntzarekiko eta kulturarekiko erroei eta maitasunari eutsi diote».
Uxue Barkosek onartu zuenez, «Amerikako euskal artzainek lan oso gogorra egin duzue, baldintza oso zailetan, eta adorez, erantzukizunez eta leialtasunez egin duzue beti. Ahaleginaren eta sakrifizioaren, adorearen eta zintzotasunaren eredu argia zarete guretzat», presidentearentzat, «ideia paregabea da zuek protagonistak izan zareten halako esperientzia garrantzitsu bat bizirik iraunarazten duen elkartea bat edukitzea, eta urtero festa batean biltzea, gure geografiako tokiren batean, oroitzapenak nahiz berrikuntzak partekatzeko eta Nafarroako gizarte guztiaren omenaldia jasotzeko».
Ekitaldian elkarteko ordezkari Laura Igantzik eta Ana Maria Marin idazleak esku hartu zuten, eta opariak trukatuz eta taldeko argazki batekin akitu zen.