Espainiako Txirrindulari Itzuliak trafikoan eragina izanen du irailaren 2 eta 3an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko irailaren 1a

Espainiako Itzuliak ordubete lehenagotik trafikoa moztera behartzen du.

Trafiko mozketak izanen dira

Espainiako Txirrindulari Itzuliko 13. eta 14. etapak eskualdetik pasako dira ostiral eta larunbatean. Espainiako Itzuliak ordubete lehenagotik trafikoa moztera behartzen du. Hori dela eta,  irailaren 2an 14:00etatik 18:00etara bitartean trafiko mozketak izanen dira ibilbidea pasako den tartean: Aritxulegiko gainetik hasi, Etxalar eta Sara arteko bidetik igaro eta Dantxarineara iritsi bitarteko Zugarramurdiko errepidean. Irailaren 3an berriz,  09:00etatik 12:00etara Urdazubi, Dantxarinea eta Ainhoa arteko bidean izanen dira mozketak.

Espainiako Itzuliko etapa luzeenaren helmuga eta etapa nagusiaren irteera hartuko ditu Dantxarineak. Irailaren 2an, ortzirala, Bilbon hasiko da etapa eta  211,4 kilometroko bidea egin beharko dute txirrindulariek. Tartean, bigarren mailako mendate bat eta hirugarren mailako sei igaro beharko dituzte. Bilbotik 12:23an abiatuko dira eta Bizkaia eta Gipuzkoatik barna ibili ondotik, Aritxulegitik  pasa eta 15:30 aldean  Aginan barna sartuko dira eskualdera. Lesaka, Etxalar, Lizaieta (16:25), Berruet Benta, Zugarra­murdi, Dantxa­rinea, Ainhoa, Oihalde, Sara (17:20), Berruet Benta, Zugarramurdi eta Urdazubin sartuta, 17:30 aldera eginen dute helmuga Dantxarinean.


Irailaren 3an, larunbata, 2016ko Espainiako Itzuliko etapa nagusia eta erabakiorra jokatuko da. Urdazubitik Aubisque-Gourette arteko bidea egin beharko dute txirrindulariek, 196,1 kilometro, mendiko lau mendate, lehenbiziko mailako hiru eta kategoria bereziko bat igaro beharko dituzte. Urdazubitik12:04an abiatuko dira txirrindulariak Ainhoa aldera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun