Nafarroako Artzain Txakur Txapelketan parte hartuko dute eskualdeko hiru artzainek igandean Uharte Arakilen

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 26a, 09:00
Antonio Alustiza aresoarra Nafarroako hamabigarren txapelaren bila joanen da Uharte Arakilera.

Aresoko Antonio Alustizak bi zakur eramanen ditu, Oronozko Jorge Oteizak bat eta Amaiurko Joxe Mari Ixtilartek bi. Omenaldien tartean, azken honen ama izanen da omenduetako bat, Pilar Elizalde Jaimerena. Orain arte, Nafarroako Artzain Txakur lehiaketan parte hartu duen emakume bakarra izan delako. 49. Artzain Egunaren barne, ekitaldi gehiago ere izanen dira igande honetan Uharte Arakilen.

Aralar Mendi elkarteak antolatuta, 49. Artzain Eguna eginen da igande honetan, abuztuak 28, Uharte Arakilen. Beti bezala, egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte. Hala nola, gazta lehiaketa, ardi latxaren erakusketa eta esne-ekoizpen lehiaketa, ardi mozte mekanikoaren txapelketa, dastaketak, herri bazkaria...  Eta arratsaldean, 17:00etan, jokatuko da Nafarroako Artzain Txakur Lehiaketa ere, eta han parte hartuko dute eskualdeko hiru artzainek. Aresoko Antonio Alustiza Jai eta Bat txakurrekin ariko da, Oronozko Jorge Oteiza Arakil txakurrarekin eta Amaiurko Joxe Mari Ixtilart Lagun eta Bizkor txakurrekin. Horiez gain, Etxarri-Aranazko Jesus Razkin, Otanoko Javier Fernandez, Uharte Arakilgo Antonio Uharterenak eta Aldudeko Marcel Hualdek parte hartuko dute. Txapelketa Geinbera zelaian jokatuko da. Toki horretan omenduko dute Pilar Elizalde Jaimerena, Amaiurko Bordaxurikoa. Orain arte Nafarroako Artzain Txakur Lehiaketan parte hartu duen emakume bakarra izan delako. Saria bere semeak hartuko du, Joxe Mari Ixtilartek.

Txapelketa honetan txapeldun eta txapeldunorde gelditzen direnek irailaren 17an Axpen (Atxondo, Bizkaia) jokatuko den Euskal Herriko finalera joateko txartela eskuratuko dute. Txapeldunak Nafarroa ordezkatuko du Oñatin irailaren 25ean jokatuko den Nazioarteko Txapelketan. Aldi berean, txakurrak irailaren 4an Ribes de Freseren (Girona, Herrialde Katalanak) eta urriaren 5ean Castellterçolen (Bartzelona, Herrialde Katalanak) eginen diren erakusketetan ere Nafarroa ordezkatzera joanen dira.

Palmaresa

Deigarria bada ere, txapelketa honetan eskualdeko artzainak eta euren txakurrak jaun eta jabe izan dira. 1968an egin zen lehenbizikoz txapelketa hau eta 1973an etorri zen eskualdera lehenbiziko txapela, Aranoko Pedro Ansak lortutakoa. Bada, 1975az geroztik, txapelketa guztiak eskualdeko norbaitek irabazi ditu.

1968. urtea: Txiki eta Ricardo Goikoetxea (Uharte Arakil)
1969. urtea: Txiki eta Miguel Francisco Galarza (Urdiain)
1970. urtea: Txiki eta Cirilo Askargorta (Lizarraga)
1971. urtea: Lista eta Jose Lakunza (Arbizu)
1972. urtea: Txiki eta Cirilo Azkargorta (Lizarraga)
1973. urtea: Nere eta Pedro Ansa (Arano)
1974. urtea: Pitxi eta Santos Fernandez (Urbasa)
1975. urtea: Lista eta Pedro Ansa (Arano)
1976-1981. urteak: Labri eta Patxi Etxeberria (Amaiur)
1982-1987. urteak: Pintxe eta Patxi Etxeberria (Amaiur)
1988. urtea: Nere eta Pedro Ansa (Arano)
1989-1991. urteak: Lagun eta Patxi Etxeberria (Amaiur)
1992. urtea: Kubino eta Felix Irigoien (Amaiur)
1993. urtea: Argi eta Antonio Alustiza (Areso)
1994. urtea: Kubino eta Felix Irigoien (Amaiur)
1995. urtea: Berri eta Josetxo Billabona (Leitza)
1996. urtea: Jai eta Antonio Alustiza (Areso)
1997. urtea: Rubi eta Felix Irigoien (Amaiur)
1998-1999. urteak: Xarpa eta Josetxo Billabona (Leitza)
2000-2001. urteak: Jai eta Antonio Alustiza (Areso)
2002. urtea: Jai eta Jorge Oteiza (Oronoz)
2003. urtea: Labri eta Jorge Oteiza (Oronoz)
2004-2005. urteak: Argi eta Antonio Alustiza (Areso)
2006-2012. urteak: Ttiki eta Antonio Alustiza (Areso)
2013. urtea: Bat eta Antonio Alustiza (Areso)
2014-2015. urteak: Jai eta Antonio Alustiza (Areso)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun