Diana Iniesta margolariaren berezko argia ikusgai dago Erratzun

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 4a, 09:40
Erakusketan ikus daitekeen margolanetako bat.

Abuztu osoan ikusgai izanen da labaderoan Con mi luz/Berezko argiarekin erakusketa eta abuztuaren 5ean eginen du inaugurazio ofiziala

Erratzun bizi den Diana Iniesta margolari kataluniarraren Con mi luz/Berezko argiarekin margo erakusketa ikusgai dago Erratzuko labaderoan uztailaren 30etik abuztuaren 31ra, ortzegunetik igandera, 18:30etik 21:00etara. Inaugurazio ofiziala, dena den, abuztuaren 5ean, ortzirale arratsaldeko 6etan eginen du.

 

Baztango Margolarien Ibilbidearen baitan eginen den erakusketan Iniestak olioz egindako lanak ageri dira. Baztanen 10 urte daramazki eta estilo onduagoa, bere neurrira egindako kolore paleta eta kolorean eta orbanean oinarritutako konposizioa dakar.

Londongo TateBritain aretoan argiaren margolaria den Turner estudiatu ondotik, New Yorkeko The Art Students Leaguera bueltatu nahi du. Aitzinera begira, ‘Diario de lo Natural’ proiektuan ari da lanean eta formatu handiko (2x1,30 eta 4x2,60 metro) 30 margolan baino gehiago prestatu nahi ditu 2018 urte hasieran eremu handi batean aurkezteko. Proiektu honetako zenbait lan ere ikus daitezke Erratzuko labaderoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun