Berdintsu mantendu da langabetu kopurua eskualdean uztailean

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 3a, 07:36

Ekainean baino langabetu bat gehiago dago Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana, 894 guztira

894 lagunek emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan uztail hondarrean, ekainean baino 1 gehiago. Udako efektuaren eraginez, estatu espainiarren dexente murriztu da langabezia, baina Nafarroa osoan %0,13 bertzerik ez da jautsi eta Doneztebeko bulegoaren kasuan, %0,11 goiti.

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 356 lagun daude langabezian, ekainean baino 23 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz, 13 gehiago daude langabezian, 466. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ekainean baino 4 gehiago daude langabezian, 36 lagun denera. Adin tarte horretako emakume gazteen artean ere ekainean baino 7 langabetu gehiago daude, 38 denera.

Arloka, uda garairako datu harrigarri xamarrak ere utzi ditu langabeziak eskualdean. Izan ere, zerbitzuen arloan goiti egin du langabeziak eta industrian eta eraikuntzan, aldiz, beheiti. Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta ekainean baino 10 gehiago ditu, 606tik 616ra pasatuz. Industria arloan, aldiz, 9 langabetu guttiago daude, 143 denera. Eraikuntzan 2 langabetu guttiago daude, 65. Nekazaritzan, berdin mantentzen da langabetu kopurua 24 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 46 lagun daude langabezian, ekainean baino 2 gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun