Irurita Miguelene eta Doneztebe The Moment taldeak izanen dira aurten ere laxoako finalean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abuztuaren 1a

Arraiozko plaza dotorean jokatuko dute finala larunbat honetan.

Abuztuaren 6an, larunbat arratsaldeeko 5:30ean Arraiozko plazan

Datorren larunbatean, abuztuaren 6an, Arraiozko plazan azken bi urtetako finala errepikatuko da: Irurita Miguelene – Doneztebe The Moment. Finalerdietako itzuliko bi partidak arras onak suertatu ziren. Nahiz eta emozio handirik ez izan, bi kanporaketak laster erabaki zirelako, jokoaren aldetik urteko bi partidarik hoberenak izan ziren.

 

Ikusle anitz eta giro ezin hobea Irurita eta Arraiozko plazetan; baita kiroltasuna ere. Bi taldeek finalerako txartela lortutako momentuan plaza osoa txaloka.

Gazteen eta gaztetxoen txapelketek jokatzen jarraitzen dute, baina asteburu honetan ez dira partidarik izanen.

 

FINALERDIETAKO ITZULERAKO PARTIDAK:

ARRAIOZ SAGARDIA - IRURITA MIGUELENE: 6 – 9 (Joanekoan: 3-9)

Arraioz Sagardia: Mikel Mindegia – Xabier Mihura – Aritz Alunda – Xabier Maritorena.

Irurita Miguelene: Xabi Barberena – Gorka Urtasun – Egoitz Prim – Jagoba Ramos.

Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-9.

Iraupena: 1h. 45´.

Nahiz eta partidako lehenbiziko jokoa lortu, arraioztarrek kanporaketari buelta emateko esperantzak laster desagertu ziren. Kanporaketa erabaki zelarik (2 eta 4), bi taldeek partidaren garaipena nahi zuten eta kintze ederrak jokatu zituzten.

Mindegiak anitz eta ongi sakatu zuen, alde batera eta bertzera, sake motzak eta laburrak, baino beti han zegoen errestoan Urtasun; iruritarrak behin baino gehiagotan elizako paretatik bertze aldeko paretaren gainetik (90 m.) bota zuen pilota. Aipatu ere lau koartoen lana, sekulako geldiketak egin zituztelako Arraiozko plazan, inoiz baino polita eta ederragoa dagoena.

 

IRURITA BIEK - DONEZTEBE THE MOMENT: 6 – 9 (Joanekoan: 5-9)

Irurita Biek: Joseba Urtasun – Guillermo Etxenike – Iñaki Etxandi – Karlos Goikoetxea.

Doneztebe The Moment: Pascual Vertiz – Koldo Legarra – Javier Vertiz - Jokin Arraztoa.

Markagailua: 0-2, 1-2, 1-5, 4-5, 4-6, 6-6, 6-9.

Iraupena: 2 h.

Partida honetan ere doneztebarrek ez zuten problema handirik izan kanporaketa gainditzeko; laster berdindu zuten (1-5), gero iruritarrek erreakzio txiki bat izan zuten, baina ez zen nahiko izan. Hau ere partida arras ona, batez ere 2. zatia, nerbioak etan tentsioa desagertu zirelarik.

Bi sakalari oso desberdinak ikusi genituen; Urtasun beti pilota kolokatzen saiatu zen eta Vertizek berriz sekulako indarra eta potentzia erakutsi zuen. Etxenike eta Legarra, bi numeroak, bikain eta lau koartoak ere ongi, batez ere Etxandi iruritarra.

 

Finala abuztuaren 6an Arraiozko plazan

Abuztuaren 6an, beraz, jokatuko da final nagusia. Larunbat arratsaldeko 5:30ean jokatuko dute final hori Irurita Miguelene eta Doneztebe The Moment taldeek. Aitzinetik, goizeko 11:30ean, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehia izanen dute Arraioz Sagardiak eta Irurita Biek taldeek. Finalarren ondotik, berriz, txapela eta sari banaketa, Laxoa Elkarteak antolatutako 1.000 euroko zozketa eta afaria izanen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun