Gartzaingo orgak hirugarren urtez segidan irabazi du Baztandarren Biltzarrean

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 18a, 12:07

Gartzaingo orgak irabazi du hirugarren urtez segidan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Elizondoko Lanbide Eskolako ordezkariek ireki zuten desfilea eta Erratzuk ez zuen orgarik plazaratu, Kaxtel zena gogoan

 

Giro ederrean joan da uztailaren 17an Baztandarren Biltzarrako 53. edizioa. 50 urte bete dituen Elizondoko Lanbide Eskolako ordezkariek ireki zuten desfilea. Aitzineko bi urteetan bezala, Gartzain nagusitu zen orga lehiaketan, Berroeta eta Elbeteren aitzinetik. Erratzuk ez zuen orgarik karrikaratu, Kaxtel gogoan.

 

Eguraldi beroa aprobetxatuz jendetza bildu zen Elizondon Baztandarren Biltzarraren 53. edizioan. Hamasei karroza ere karrikaratu zituzten baztandarrek. Herri guztietakoak izan ziren, Erratzukoak izan ezik. Xabier Rekarte ‘Kaxtel’ gaztearen heriotzak bestarako gogorik utzi gabe utzi ditu erratzuarrak aurten.

Iturengo joaldunen ondotik, Ikurriña, Nafarroa eta Baztango ikurrak zetozen eta aurten 50 urte bete dituen Elizondoko Lanbide Eskolako Maite Ariztegik, lehen promozioko Bizente Gazteluk eta azken promozioko Bridget Luckyk zeramazkiten. Ohikoa denez, Baztango historia, etnografia eta ohiturak agertzen zituzten orgen aitzinetik, Baztango dantzariak eta txistulariak eta Iruñeko gaiteroak zetozen, baita garai bateko Mariezkurrenaren autobus zaharberritua ere.

Amaiur eta Elizondoko Sagatsak kuadrilak, 1959tik 1966ra Gorramendiko Itzulegi inguruan izan zen Estatu Batuetako base militarra gogoratu zuten. Berroetakoak, garai batean emakumeek arropa nola garbitzen zuten erakusten zuen eta bigarren saria lortu zuen. Gartzainek, berriz, artilea oinarri hartuta haria nola egiten zen, prozesu guzia erakutsi zuen. Lehen saria jaso zuen. Azpilkuetan talo on bat egiteko modua azaldu zuten. Zigak, Abartanera eramaten zituzten ardiak ebatsi eta ebasketa salatzeko guardia zibilarekin izaten zituzten hizkuntz arazoak antzeztu zituzten, helikoptero eta guzti. Almandozkoak ehiza zen protagonista eta Anizkoan, aitatxi-amatxiek bilobei bere istorioak nola kontatzen zizkieten azaltzen zuen. Arizkungoak Bozateko zikiro-jatearen berri eman zuen, Oronozen 50 urtetik honat ezkondu eta ezkongabeen artean jokatzen duten futbol partida “zelairatu” zuten eta Iruritak 1898ko errebote plaza agertu zuten. Elbeteko karrozak, gerra ondoan tabakoaren ordez edozein belar erretzeko ona zela erakutsi zuen eta Elizondoko Belatzak kuadrilak Balleko Etxeko gorapean paxakan nola aritzen ziren plazaratu zuen. Arraioz eta Lekarozko karrozek Aroztegiako proiektuaren kontrako erreibindikazioa egin zuten. Aipatzekoa da, Balleko Etxean, Osasuna futbol taldeko ordezkaritza bat ere izan zela alkate eta zinegotziekin eta jokalariek sinatutako kamixeta bat ekarri zuten opari.

 

Herri bazkarian bertako produktua

Aurtengo Baztandarren Biltzarrak bertze bereizgarriak ere izan ditu. Herri bazkarian apustu berezia egin zuten menua bertako produktuekin osatzeko. Piperrada (bertako lan-talde batek egina), Patata tortile (Garai bateko Lekauzko eskolakoa oroituz), aratxe erria litxuekin (aratxiak bertako abeltzain gazteak diren Andoni Barrenetxe berroetarrari, Pello Sarratea almandoztarrari eta Jon Dufurrena Erratzuarrari hartuak eta litxue berriz Iruritako Urrutia anaiena). Ondotik Euskal pastela (Malkorra eta Arkupekoa hain zuzen ere), Izozkia (jauregia esnekietan ekoitzia), kafea eta pattarra. Ilunabarrean karpan egiten diren bokadiloetarako Etxelekua gasnategiko gasna izan zen. Ingurumenarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromezua ere indartu dute aurtengo Baztandarren Biltzarrean.

 

Zozketa

Baztandarren Biltzarraren antolaketan lagundu duten saltokietan gastatzeko 1.000 euroko saria ere zozketatu zen eta 9.414 zenbakiari egokitu zaio. Bi asteko epean sariduna agertzen ez bada, 9.396 eta 11.841 dira ordezko zenbakiak. Bazkalondoan ere giro bikaina izan zen Elizondon.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun