Jaialdia hasteko, Erremonte Fundazioko Goi Errendimenduko Eskolatik ateratako profesional berrien arteko partida jokatuko dute: Erburu, Rodriguez, Barrikart, Otano eta Azpiroz, bortz erremontelari horietatik lauk osatuko dituzte bi bikoteak.
Ondotik etorriko da gaur egungo erremontearen bi nagusien arteko partida, Urriza eta Utergaren artekoa. Iruñekoak Endika Urrutia saldiastarra izanen du lagun gibeleko koadroetan eta Doneztebekoak Barrenetxea IV.
2016an frontoi laburrean jokatutako finaletan beraiek izan dira protagonista nagusiak. Iruñeko Alde Zaharreko txapelketaren finalean, Uterga eta Barrenetxea IV.ak 35-32 estu batekin irabazi zieten Urriza eta Etxeberria III.ari Labriten.
Madrilgo Triángulo de Oro pilotalekuan jokatutako San Isidro txapelketaren finalean, aldiz, Urriza eta Ionek 35-33 irabazi zieten Xanti Uterga eta Joxe Etxeberria III. doneztebarrei.
Frontoi laburrean elkarren kontra jokatu duten azken finala Gipuzkoako Diputazioaren txapelketakoa izan da, Zumarragan. Utergak eta Aizpuru III.ak 35-25 irabazi zieten Urriza eta Zalduari.
Beraz, gehienetan berdintasuna izan da partidetan eta asteazkenean ere horixe espero da: oreka, borroka eta joku ona.