Nafarroako euskarazko hedabideak

Nafarroako Gobernuari euskarazko komunikabideen laguntzak handitzeko eskatu dio Tokikomek

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 5a, 13:09

60 komunikabidek osatzen dute TOKIKOMen sarea, 26 bazkidek kudeatzen dutena.

Aurtengo diru-laguntzen inguruko oharra kaleratu du herri ekimeneko euskarazko komunikabideen plataformak.

 

Urratsak hedabideen diru laguntzetan eta bidea egiten jarraitzeko eskaera erakundeei

Nafarroako Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak atera dituzte diru-laguntza deialdiak ekain honetan. Biak ala biak dira berri-berriak. Bizkaiko Foru Aldundiarenak ere atera ziren otsailean. Ateratzear daude Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzakoak eta jakinaren gainean gaude urte amaieran aterako dituztela Gipuzkoako Foru Aldundikoak.

Urte erdia igarota, erakunde guztiekin izan ditugu harremanak eta fruitu ezberdinak eman dituzte. Ez beti nahi bestekoak, baina hainbatetan emandako urratsak positiboki baloratzen ditugu. Gure prestutasuna adierazi diegu erakundeei batera jarduteko eta era berean eskaera egiten diegu hasitako bidean sakontzeko.

 

Balorazioa erakundez erakunde:

Nafarroako Gobernua:

Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du bertako hedabideei (euskarazkoak eta elebidunak, titularitate publikokoak eta pribatukoak) diruz laguntzeko ardura. TOKIKOMen ustez, euskara hutsezkoei emango dien diru laguntza hori ez da nahikoa, eta hurrengo urteei begira, euskara hutsezko hedabideen aldeko apustu sendoagoa eskatzen diogu.

 

HPS:

Gure eskaera historikoa izan den urte anitzeko planteamenduari heldu dio Jaurlaritzak, eta hori aurrerapausotzat jotzen dugu TOKIKOMen.

Diru poltsa igo ez bada ere, %6 gehiago izango da EAEn dauden hedabideek eskuragarri izango dutena, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu duelako bertako hedabideak diruz laguntzeko ardura.

Egungoen lana garatzen laguntzeko urrats garrantzitsua bada ere, ezin ahaztu sortu litezkeen proiektu berrietarako ez dela geratu lotuta laguntza politika. Hala ere, gai hau eta beste hainbat lantzeko mahai bat osatua dugu Jaurlaritza eta Hekimenen artean eta lan ildo horri eutsi nahi diogu datozen urtetan ere.

 

Gipuzkoako Foru Aldundia:

2016an inoiz baino diru-laguntza gehiago egongo dira Gipuzkoako euskara hutsezko komunikabideetara bideratuta. Ohiko deialdiaz gain, eskualdekako proiektuak sendotzeko deialdi berezi bat ere izango da. Biak ere albiste onak dira TOKIKOMen iritziz.

 

Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundiak lehenengo aldiz argitaratu du euskarazko hedabideei laguntzeko diru-laguntza deialdia, 50.000 euroz hornitua. Diru-poltsa txiki geratzen den arren, aurrerapausotzat jotzen dugu deialdia bera egitea.

 

Bizkaiko Foru Aldundia

Dagoeneko ebatzita dagoen deialdi bakarra. Aurten, hala ere, murriztu egin du euskarazko hedabideei laguntzeko diru-poltsa.  Lehengo poltsa nahikoa ez bazen ere, Aldundiaren erabaki honek gehiago estutzen ditu Bizkaiko euskarazko toki komunikabideak.

 

Deialdiak asko atzeratu dira aurten (Bizkaiakoa salbu) eta horrek eragin zuzena du gure jardunean. Espero dugu neurriak hartzea eta ez errepikatzea.

Helburuak konpartitzen ditugu eta Tokikomen prest gaude behar den leku guztietan lanean jarraitzeko.

 

TOKIKOM 2016ko ekainaren 30a

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun