Elkarrizketan azaldu du, gobernu berriak borondate ona erakutsi badu ere, horrekin ez dela aski. Izan ere, lauko alderdiek osatzen duten gobernuak aitzinetik zegoen diru-laguntzaren kopuru bertsua berreskuratu du, baina Aristik adierazitakoaren arabera, «euskara hutsean aritzen garenon zaku berean sartu dituzte ia-ia gaztelera hutsean lanean aritzen direnak ere. Euskaraz keinuak bertzerik egiten ez dituztenak, alegia». Horren ondorioz, deialdi propioa edukitzea ezinbertzekoa dela azaldu du.
Tokikomek argitaratutako txostenak dioenaren arabera, komunikabideen jarduna modu duin eta egokian burutzeko bertzelako hizkuntza politika erabili behar da. Urko Aristik berak azaldu bezala, «Nafarroan tokiko komunikabideek eskaintzen duten zerbitzua bermatzeko adinakoa, gutienez». Gaineratu du, Nafarroan euskaraz lan egiten duten komunikabideek %50,3 gutiago jasoko dutela, duela 5 urtekoarekin alderatuta, ia erdia.