Uztailaren 11ko ekitaldia 16:00etan hasiko da Eresoinkako parte hartzaileei harrera ona eta Jose Antonio Aguirreri omenaldia eginez. 16:30ean mintzaldi bat izanen da taldearen historia kondatuko duena Saran osatu zenetik Europan barna egindako ibilaldira arte. 17:00etan Sarako dantzari batek Antton Bastida Eresoinkako txistulariak lagundurik aurresku bat dantzatuko du taldeko kide ohien aitzinean. Ondotik Eresoinkaren zortziko sorkuntza ikusten ahalko da. Eguna zintzur bustitze eta afari baten inguruan bukatuko da.
Bertzalde, uztailaren 1etik agorrilaren 31 arte Lur Berri gelan, Eresoinkari buruzko erakusketa izanen da eta argazkiekin batera garaiko grabaketa batzuk ere entzuten ahalko dira.