Pagoetako harrobiko espedientea artxibatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 29a, 08:14

Saldias, Pagoeta menditik 600 metrora.

Malerrekan 750 sinadura baino gehiago bilduak ziren egitasmoaren kontra

Nafarroako Gobernuak Pagoetako harrobiko expedientea artxibatu du eta, horrela, “Aldez aurreko kontsultak” izeneko prozesua bukatu da, promotoreak tramitazioa bertan behera utziko duela iragarri baitu.  Herritarrek ekainaren 6an Ingurugiro Sailburuarekin izandako bileran izan zuten iragarpenaren berri. Prozesu honetan Administrazioko sei erakunderen txostenak jaso dira, horien artean Beintza-Labaiengo eta Saldiasko udalenak. Promotoreak, Labaiengo herritarra bera, apirilaren 30eko udalak deituriko batzarrean emandako hitza bete egin du, hau da, herriaren oniritzirik gabe ez zuela tramitearekin aurrera eginen. Herritar gehiengo handia harrobiaren kontra azaldu zen. 

 

Ekainaren 18an egindako bileran herritarrek positiboki baloratu zuten egoera, oraingoan tramitea artxibatu delako, baina geroari begira erne egon behar direla konszienteak dira, «bertze edozeinek tramitazioa berriz hasten ahal duelako». Zentzu horretan, oso positiboki baloratu dute maiatzean zehar egindako kanpaina eta harrobiaren kontra bildutako sinadura kopurua. Herri mugimendua maiatzaren 9an hasi zen, 70 lagun bildu zuen bileran.

 

Malerrekan 750 sinadura baino gehiago

Maiatzean zehar egindako informazio kanpainan hainbat komunikabidetan plazaratu zen gaia eta harrobiaren kontra 750 sinadura baino gehiago bildu ziren: Saldiasen, udalak antolatutako ekimenean eta idazkariaren txostenaren arabera, zentsoaren (118 biztanle) %75 baino gehiagok parte hartu eta denek kontra sinatu zuten. Beintza-Labaienen (231 biztanle), herritarrek antolatutako kanpainan, 150 sinadura baino gehiago bildu ziren. Malerreka mailan, 15 egunetan 500 sinadura baino gehiago bildu ziren, horien artean eskualdeko hainbat udal ordezkarirenak. Sinadura hauek Nafarroako Gobernuan aurkeztuko dira, herritarren iritzia argi azaltzeko. «Oso balorazio ona egiten dugu, herritarren kezka eta iritzia argi agertu direlako: herritarrok ez dugu inondik inora ere harrobirik nahi herri hauetan eta norbaitek proiektuarekin aurrera egin nahi badu, jakin dezala jarrera sendoa aurkituko duela», diote Plataformatik. Halaxe, maiatzaren 26an Malerrekako Mankomunitatean egindako bileran, informazioa eman zitzaien udal ordezkariei eta eskualdean nolako eragina izaten ahal lukeen jakinarazi.

 

Bi udalen txostenak

Administrazioko erakundeen txostenak sekretuak badira ere, udalenak ezagunak dira: Saldiasko Udalak herritarren artean egindako sinadura bilketaren berri eman zuen; Beintza-Labaiengo Udalak apirilaren 30ean egindako batzarraren kontrako iritzia eta bertan emandako arrazoiak bereak eginez bidali zuen txostena Nafarroako Gobernura.

 

Egoeraren segimendua eta esker onak

Herritarrek egoeraren segimendua egitea ere erabaki dute: «Lorpen handia izan da hau eta herritarren jarrera irmoak zer ikusi handia izan du horretan, baina ofita minerala hor dago, tentagarri. Erne egon behar dugu».

Halaxe, eskertu nahi dute izandako laguntza, bertzeak bertze: sinatu eta elkartasuna adierazi duten herritar orok; Sustrai Erakuntza Fundazioa, prozesu honetan emandako aholkua eta laguntzagatik; eta baita promotorea bera zoriondu ere, herritarra izanik, egitasmoaren tramitazioa gelditzea erabaki duelako, bere hitza betez eta herritar gehienen gogoa errespetatuz.

 

Pagoetako harrobia

Egitasmoa Pagoetako mendian kokatzen da, Saldiastik 600 metrora eta Labaiendik 1.200 metrora kokatua, 1,5/3,0 milioi metro kubiko ofita minerala ateratzeko aurreikusia. Herritarren artean, kezka eta ezezko nabarmena piztu ditu eragiten ahal lituzkeen kalteengatik, dela osasunean eta dela eguneroko bizitzan, nekazaritzan, abeltzaintzan eta gainerako jarduera ekonomikoetan eta errepideetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun