Final laurdenak hasita, emozioa, giro ezin hobea eta joko bikaina itzuli da plazetara. Larunbata arratsaldean Doneztebeko Bear Zana plazan jende anitz bildu zen han jokatu ziren bi partidak ikusteko; aspaldi ez zen hainbertze jende eta giro plazan ikusten. Ikusleek lau orduz mugitu gabe animatu eta gozatu egin zuten; ez zen handik inor mugitu. Arraiozen, gauza bera: partida bikaina, emozioa eta tensioa.
Asteburuan botatako euriarengatik partida bat gibelatu egin zen eta Arraiozkoa larunbatetik igandera aldatu behar izan zen.
Joaneko partidak
Doneztebe Avia - Irurita Miguelene: 9 – 7
Doneztebe: Javier Almandoz – Asier Mutuberria – Jokin Apezetzea – Juan Telletxea.
Irurita: Xabi Barberena – Gorka Urtasun – Egoitz Prim – Jagoba Ramos.
Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 8-3, 8-7, 9-7.
Iraupena: Ordu bat eta 45 minutu.
Gaur egungo txapeldunak doi doi egon ziren kanpoan gelditzeko. 8 joko eta 3 galtzen, doneztebarrei bi kintze faltan egon ziren partida irabazteko.
Almandoz sakalariak Barberena baino hobe sakatu zuen, batzutan sake luzeak, bertzean laburrak, beti plazako bazterrak bilatzen, baina bigarren zatian arazo fisikoak izan zituen eta bere maila jautsi egin zen. Errestoan Urtasun arras ongi ibili zen, bai paretan bai airez. Almandoz eta Urtasun izan ziren partidako onenak.
Arraioz Rotugrafik – Doneztebe The Moment: 7 – 9
Arraioz: Xabier Bengoetxea – Jon Gamio – Jesús Mª Laurnagaray – Garikoitz Larretxea.
Doneztebe: Pascual Vertiz – Koldo Legarra – Jokin Arraztoa – Javier Vertiz.
Markagailua: 0-3, 1-3, 1-5, 2-5, 2-6, 4-6, 4-7, 5-7, 5-8, 7-8, 7-9.
Iraupena: 2 ordu.
Partida arras ona, bikaina. Arraioztarrak ez ziren ongi hasi, baina gero eta hobe aritu ziren. Bengoetxeak beti luze sakatu zuen, elizako fraileak eta estrata bilatzen; Vertizek, berriz, abiadura handiagoa eman zion pilotari eta sake luzeak eta motzak tartekatu zituen, baina falta gehiago ere egin. Partidako jokalaririk hoberena, Legarra doneztebarra; orain arte txapelketako numero onena dela erakusten ari da.
Doneztebe Titi – Arraioz Sagardia: 9 – 6
Doneztebe: Emilio Zabala – Andoni San Martín – Pío García – Eloy García.
Arraioz: Mikel Mindegia – Xabier Mihura – Aritz Alunda – Xabier Maritorena.
Markagailua: 2-0, 2-2, 4-2, 4-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-6, 9-6.
Iraupena: 2 ordu eta 15 minutu.
Arraiozko taldea faboritoa izan arren, ez zuen emaitza on bat lortu. Zabalak bere indarra erakutsiz, beti azpitik sakatu egin zuen eta min handia egin zuen. Mindegiak, berriz, beti bezala luze eta loratua. Bi numeroak San Martín eta Mihura, bikain eta Alunda koartoa ere bikain, hainbat eta hainbat arraia irabazten.
Doneztebe Apezteguia – Irurita Biek uztailaren 9an, larunbatean 16:00etan jokatuko dute
Itzuliko partidak uztailaren 9 eta 10ean jokatuko dituzte.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!