Gasteiz eta Angeluko erahilketak direla eta elkarretaratzeak egin dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 24a, 08:50

Mukixu zubian egin zen Goldatz Emakume Talde Feministak deitutako elkarretaratzea.

Beran Goldatz emakume talde feministak deituta eta Arizkunen, Baztango

Berako Goldatz Emakume Talde Feministak, Euskal Herrian indarkeria sexistak hildakoek uzten dituen aldiro egiten duen bezala, oraingo honetan ere, Mukixu zubian egin zuen ordu laurdeneko elkartaratzea ekainaren 23an. Nahiz eta hasiera batean jende gutti zegoela eman, azkenerako 40 bat lagun bildu ziren. 

 

Oraingo honetan bi gizonek lau emakume erahil dituztela salatu dute, eta nahiz eta instituzio publiko politikoek zalantzan jarri indarkeria sexistak izan direla, Goldatz taldetik argi dute horrelako kasuen antzinean gaudela, eta hori erran dute argi eta garbi elkartaratzean: «Bizi garen sistema heteropatriarkatua honetan, zoritxarrez bertze aunitzetan gertatzen den bezala, gizonezkoek hil dituzte oraingo honetan ere emakumezkoak, eta hori guretzat indarkeria sexista da!». Ekitaldiarekin bukatzeko, ondorengo irakurketa egin dute:

«Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, meneko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara».

Beran bezalaxe, Arizkunen ere elkarretaratzea egin zuten Baztango Bilgune Feministak deituta.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun