Doneztebek jokatuko du Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finala

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 21a, 10:47

Alebinetan, Unai Lluziak eta Jon Pagolak jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte, baina ez da aski izan Bera finalerako sailkatzeko.

Finalerdietan Bera gainditu ondotik, Iruña izanen du arerio uztailaren 2an

Doneztebek eta Iruñak jokatuko dute Nafarroako Herriarteko Pilota txapelketako finala uztailaren 2an Labriten. Hain zuzen, asteburu honetan jokatu dituzten finalerdietan, Bera eta Lizarra gainditu dituzte, hurrenez hurren.

 

Bera eta Donezteberen arteko finalerdia igandean jokatu zuten Iruñean eta lau partidetatik hiru irabazi zituen Doneztebek. Aipatzekoa da Berarekin finalerdietan aritu ziren zortzi pilotariak herrikoak zirela.

Alebinetan lortu zuten beratarrek garaipen bakarra. Unai Lluziak eta Jon Pagolak 18 eta 16 irabazi zieten Doneztebeko Xuban Illarregi eta Aitor Agestari. Gisa honetara, Herriarteko txapelketan jokatutako partida guztiak irabazi dituzte Lluziak eta Pagolak.

Infantiletan, Doneztebeko Patxi Loiarte eta Gaizka Agirrek 18 eta 4 irabazi zieten Berako Unax Villamea eta Asier Telletxeari.

Jubeniletan, Doneztebeko Iker Salaberriak eta Jon Mariezkurrenak 22 eta 3 irabazi zieten Berako Mikel Eltzaurdia eta Harri Maritorenari.

Seniorretan, Doneztebeko Maia eta Jon Gorritik 22 eta 11 irabazi zieten Berako Iñigo Martinez eta Mattin Garbisuri.

Honela, uztailaren 2an Labriten jokatuko dute Herriarteko pilota txapelketaren finala Doneztebek eta Iruñak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun