50 aldiz baino gehiago odola eman dutenak saritu ditu ADONA elkarteak

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 13a, 11:53

Saria jaso duten odol-emaile nafarrak, igandean Iruñeko Baluarten.

Horien artean eskualdeko 15 lagun daude, tartean ehun emaitza baino gehiago egin dituzten Elvira Garcia arizkundarra eta Jose Juan Larralde leitzarra

ADONA Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak 50, 100 edo 150 odol emaitza egin dituzten 250 bat lagun saritu zituen ekainaren 12an, Iruñeko Baluarten egindako ekitaldian. Joan den urtean, 25.659 odol-emaitza egin ziren Nafarroan, 2014an baino %6,5 gehiago.

 

Baluarteko ekitaldian urrezko 204 intsignia eman ziren (50 odol-emaitza baino gehiago egin dutenei). Saridunen artean eskualdeko 13 zeuden: Elizondoko Luis Arregi Etxepare, Pedro José Arteta Berasategi, Xabier Irureta Rodenas, Ramon Lizasoain Adansa, Pedro Mari Maia Martikorena, Miguel Nuñez Polo, Milagros Organbide Goñi eta Celestino Rekarte Urrutia; Elgorriagako Lucio Irisarri Arrijuria; Lekarozko Pedro Maria Oskariz Bertiz; Berako Saturnino Pikabea Eltzaurdia eta Maria Jesus Yanci Amorena eta Gazteluko Jose Miguel Sarratea Oteiza.

Urrezko domina bikoitza (100 emaitza baino gehiago) 41 lagunek jaso zuten, tartean eskualdeko bik: Arizkungo Elvira Garcia Artiedak eta Leitzako Jose Juan Larralde Cerezalesek.

Bortz Urrezko domina hirukoitz (150 emaitza baino gehiago) ere eman ziren, baina horien artean ez zen eskualdeko saridunik.

Hain zuzen ekainaren 14an, asteartean ospatuko da Odol Emailearen Nazioarteko Eguna, Odolak denak konektatzen gaitu izenburupean. Nafarroako ospitaletan, egunero 80-100 odol transfusio egiten dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun