2017an Gure Esku Dagoren herri galdeketak eginen dira Bortzirietan eta Leitza-Urumealdean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko eka. 11a, 12:28

2017an herri galdeketak iragarri dituzte nafarroako 16 herrik. Larunbatean Leitzan egin zuten Arano, Areso, Goizueta eta Leitzakoen aurkezpena.

“Nafarroan hautetsontziak erabiltzen hasteko unea da” izenburupean, prentsa agerraldia egin zuen ekainaren 11n Nafarroako Gure esku dagok iruñeko Zumalakarregi eraikineko atarian. 

 

Gaur goizeko agerraldian, Nafarroako 16 herrik galdeketak iragarri dituzte 2017rako, tartean Bortzirietako bortzek: Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi eta Arantzak. Leitza-Urumealdean ere, Leitza, Areso, Goizueta eta Aranon eginen dituzte. Eskualdekoez gain galdeketak eginen dituzten gainerako herriak Altsasu, Lakuntza, Irurtzun, Larraun, Lekunberri eta Araitz-Betelu izanen dira.

Arkaitz Zapatak eta Larraitz Amadozek hartu dute hitza eta bertan adierazpen hau irakurri zuten:

Nafarroan hautesontziak erabiltzen hasteko unea da

Pasa den ekainaren 5ean indarrez abiatu zuten 34 herrik Gure Esku Dagok erabakiaren aroa izatea nahi duena. Ezinbestean, bide horretan aurrera egiteko, tokian tokiko errealitateari, adostasunari, elkarlanari eta erritmoari lotutako prozesua izan behar da hau, egiz erabakiaren aroa izango bada. Lekuan leku, galdeketara bidean lortutako adostasun horrek marraztuko du erabakiaren aro hori.

Erabakiaren aro horren lehen kimua gure herrialdean, Etxarri-Aranatzen ernaldu zen. Gaur, bide horretan nafarrok pausoa eman nahi dugula iragartzera gatoz. Lehena udazken honetan bertan izango da, Bakaikun. 2017an (udaberria eta ekainean data zehaztu gabe) gure etorkizunaz erabakitzeko aukera izango dugu beste 16 herritan. Honakoa da oraingoz urratsa ematea erabaki duten herrien zerrenda: Altsasu, Lakuntza, Irurtzun, Larraun, Lekunberri, Leitza, Areso, Goizueta, Arano, Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Arantza eta Araitz-Betelu

Helmuga baino, zailena bidea da, ordea, eta tentuz eta mimoz garatu nahi dugu. Prozesu adostua eraiki behar dugu, tokian tokiko aktore denek euren burua bertan eroso ikus dezaketen moduan, herritar orok nahi duen erantzunari bide eman diezaioken galdera proposatuz. Pentsatzekoa da, beraz, erabakiaren aro hau lurralde osora hedatu ahala galdera ezberdinak proposatuko direla, bide ezberdinak landuko direla, emaitza ezberdinak izango dituela.

Prozesu hori garatzeko Gure Esku Dagok osatu duen protokoloa hartuko dugu ardatz, bide hau modu adostuan eta inklusiboan egiteko osagaiak dituen protokoloa delako, legezko berme guztiekin nazioarteko estandarren araberako galdeketak egiteko oinarria ezartzen duelako.

Gure helburua, herritar denek euren etorkizunaz erabaki ahal izatea da, hori da Gure Esku Dagok sustatu asmo duen aro berria.

Anitza da gure herria, Nafarroan ikus dezakegu, hegoaldeko paisaia lehorretik hasi eta iparraldeko berde indartsuraino. Kultura aniztasuna, identitate ezberdintasuna, gure izaeraren adierazgarri garbia da. Baina Nafarroa, Navarra eta Nabarra, denak dira lur bera, eta bertan bizi garen herritar denok gara nafarrak. Denon artean behar dugu eraiki erabakiaren bidea, denok behar dugu erabaki, denon etorkizuna baita erabakiaren aroak ebatzi behar duena.

Orain bi urte Sarasate pasealekuko Foruen Monumentuan zuen ertz bat "Gure Esku Dago" esanez osatu zen 123 kilometroko irribarre erraldoi hark. Iaz, herrialde osoan ehundutako hamaika koloretako oihalekin eraiki genuen hautetsontzia zezen plazan eta iragarri genuen, hautetsontziei begira jarri ginela. Gaur, hautetsontzi horiek erabiltzen hastera goazela iragartzera gatoz.

Gaur urrats berri bat emateko erronka jarri dugu 16 herritan, hurrengo hilabeteetan herri eta eremu gehiagotara hedatu asmo dugun bide berri baten adierazgarri, herri honek bere etorkizunaz erabaki dezan.

Herritarron garaia delako eta etorkizuna gure esku dagoelako. Nafarroan erabakiaren bidean ibiliz erabakitzera goaz, hautetsontziak erabiltzeko unea da.

Erlazionatuak

Nafarroako Gure Esku dago-ren oharra

Xorroxin irratia 2016 eka 11 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun