Nafarroak 2,7 milioi euro inbertituko du “Ederbidea” proiektuan, Iruñetik Donostia eta Baionaraino doan bizikleta-ibilbidean

Xorroxin irratia 2016ko eka. 11a, 10:41

Iruñetik Donostia eta Baionara artekoa izanen da Ederbidea” bizikleta-ibilbidea

Hitzarmenaren ondorioz,  Bera eta Iruña arteko ibilbide berriak sortuko dira eta  Bidasoako bide berdeak Plazaolakoarekin bat egingo du.Behin bideak lortua,  hura luzatu egingo du hegoaldetik Iruñeraino, ondoren.

Ederbide Europako proiektuaren barnean dauden bost bazkideek guztira 2,72 milioi euro inbertituko dituzte Iruña-Donostia-Baiona lotura berdearen bide-zati nafarra egokitzen eta sustatzen.

Foru Komunitateari dagokionez, Ederbidea proiektuaren barnean Bera eta Iruña arteko ibilbide berriak sortuko dira (67,5 kilometro); gaur egun 55,7 kilometro daude (Bertiz eta Plazaolako bide berdeak), eta horrek esan nahi du ibilbidea egungoa halako bi baino gehiago izango dela. Bidasoako bide berdeak Plazaolakoarekin bat egingo du, hasiera batean, eta hura luzatu egingo du hegoaldetik Iruñeraino, ondoren.

Mugaz gaindiko proiektu horretan 9,4 milioi euro inbertituko dira, eta maiatzean Poctefa-Interreg programak 6,1 milioi euroko laguntza eman zuen (Europako ekarpenaren % 65).

Babes hori lortu ondoren,ekainaren 10ean, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egoitzan, Foru Komunitateko bazkideen konpromisoaren sinadura-ekitaldia egin zen: Manu Ayerdi lehendakariordea eta Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi Maitena Ezkutari izan ziren Nafarroako Gobernuaren ordezkariak; haiekin batera, Imotzeko Udaletik Jose Angel Iturralde; Cederna Garalur elkarteko Maite Iturre; Plazaolako Turismo Partzuergoko Natalia Azcona eta Agrupación Turística Baztan Bidasoa – Turismo Elkargoko Mikel Albisu.

Nafarroan, bazkideek 2019ra arte ondorengo zenbatekoak inbertituko dituzte, haiek guztiek Europako % 65eko ekarpena izanik: Nafarroako Gobernuak, 2,4 milioi; Imotzek, 140.000 inguru; Cederna Garalur-ek eta Plazaola Partzuergoak, 56.825 euro bakoitzak; eta Agrupación Turística Baztan Bidasoa – Turismo Elkargoak, 44.725 euro.

Aipaturiko Ederbidea sarea Eurovelo 1en barnean sartuko da, Norvegia Portugalgo Algarverekin lotuko duen bidean eta, Nafarroatik igarotzean, Santiago bide frantsesarekin ere bat egingo duena. Ekimenean parte hartzen dute ere, Pirinio Atlantikoetako departamentu frantsesak –Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaia tartean daude–, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irungo Udalak.

Ederbideak bizikleta bidezko garraio iraunkorra garatzea proposatzen du, Nafarroak, Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek eta Iruña, Donostia eta Baiona hiriek osatzen duten mugaz gaindiko lurraldean. Bidea egokitzeko ekintzez gain, sentsibilizazio eta prestakuntzako ekintzak hartzen ditu barnean; horrekin batera, bizikleta bidezko mugikortasuna garatzea (bidegorriak, trafiko gutxiko bideak) eta zerbitzu osagarriak garatzea.

Ederbideak "Circuldouce" mugaz gaindiko proiektuari jarraipena ematen dio, 2007-2013 Poctefe esparruaren barnean finantzatua, eta haren barnean hobetu zen, Nafarroaren kasuan, Irun eta Bertiz arteko Bidasoako bide berdea.

"Circuldouce" Pirinioetako bi aldeetako zenbait erakundek sustatu zuten turismo iraunkorreko jardunbide berriak sustatzeko, motorrik gabeko zirkulazioaren mugaz gaindiko ibilbide bat sustatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun