Euskarari hauspoa emateko jendetza bildu zen Leitzan Udalerri Euskaldunen egunean

DJ porruren pausoei jarraituz flash moba egin zuten eguerdian.

Udalerri euskaldunak, 25 urte hauspotzen lelopean ehunka lagun elkartu ziren maiatzaren 28an Leitzan UEMA sortu zenetik mende laurdena igaro dela ospatzeko. Goizean batzar nagusia egin zuten udalerri euskaldunetako alkate eta zinegotziek, eta hiru udal berri onartu zituzten UEMAn: Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar. Arnasguneen tailerrak eta ekitaldi ofiziala eging zituzten gero. Euskararen normalizazioan udalerriek duten ardura aldarrikatu zuten bertaratu zirenek eta euskalgintzaren eta erakunde publikoen arteko elkarlana sendotzeko beharra nabarmendu zuten. Festarako tartea ere izan zen: Leitza eta Ezpeletako herritarren arteko kirol saioa, Euskara hauspotzen abestiaren erritmoan, flashmob-a, herri bazkaria, haurrentzako ikuskizuna, elektrotxaranga, kontzertuak… egun borobila izan zen. Ikusi bideoa

Hemeretzi kide zituen Uemak hasieran, eta,  bere sorreratik mende laurdena igaro denean,  76 ditu. Maiatzaren 28an, Leitzako udaletxean egindako batzar nagusian, izendatu zituzten azken hiru kideak: Dima (Bizkaia), Legorreta (Gipuzkoa) eta Ziortza-Bolibar (Bizkaia). Izendapen ekitaldian, euskararentzat arnasgune diren herrien garrantzia aldarrikatu zuen Zelai Amenabarrok Legorretako alkateak: «Arnasguneak indar handia hartzen ari dira azken urteetan euskalgintzan. Inork ez du dudan jarriko euskararentzat berebiziko garrantzia dutela». Hain zuzen, udal ordezkariak batzar nagusian zeuden bitartean, arnasguneen inguruan hausnartu zuten udalerri euskaldunetako hainbat herritarrek eta eragilek.


Leitzako udaletxean egindako batzar nagusiaren ondoren hasi zen ekitaldi nagusia. Bertan, Uemako kide diren udaletako ordezkariek parte hartu zuten, baita Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat ordezkarik ere. Leitzako bertso eskolako kideek botatako bertsoak, egun honetarako apropos sortutako kantuak, Jeiki abesbatzaren eta Aurrerako dantzarien saioak… girotu zuten ekitaldia. Ekitaldian, Josu Labaka mankomunitateko lehendakariak hartu zuen hitza eta euskararen garrantzia nabarmendu zuen: «Herri honen izaerarentzat eta etorkizunarentzat udalerri euskaldunen ekarpena egundokoa dela jakinda, hizkuntza politika aurrerakoiak behar ditugu». Euskararen arnasguneak elkarlanean eta norabide berean sendotzen jarraitzeko deia egin zien udalerriei.

Eneka Maiz Etxarri Aranazko (Nafarroa) alkate eta Uemako zuzendaritzako kidek berriz, salatu zuen udalek mugak dituztela euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko. Hala, pasa den astean bertan Nafarroako Auzitegi Nagusiak Baztango Euskara Plana baliogabetu izana gaitzetsi zuen Maizek eta Eusko Legebiltzarrak lehengo hilean onartutako Udal Legearen antzeko lege baten aldeko urratsak egiteko eskatu zien Nafarroako agintariei.

Omenaldirako tartea ere izan zen, Uemako zuzendaritzan egindako lana eskertzeko, lore sorta eskaini baitzioten Mikel Illarregi leitzarrari. Honek, euskarak galdutako esparruak berreskuratuz joateko, legearen babesaz gain alor pribatua ere landu beharra dagoela nabarmendu zuen «alferrik ari gara administrazioa euskalduntzen, gero euskara erabiltzen ez badugu». Gainera, adierazi zuen Euskal Herriak euskalduna izan behar duela «benetakoa» izatekotan.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun