Urrezko Aizkorako txapeldunak
Urrezko mailako aizkolari txapelketari dagokionez, lau aizkolari aritu ziren lehian maila nagusian. Bortz urtez azpitxapeldun izan ondotik, aurten azkenean txapela lortu du Dimako Aitzol Atutxa II.ak. 24 minutu eta 31 segundo behar izan zituen bizkaitarrak lanak burutzeko. Errezilgo Xabier Orbegozo Arria V bigarren izan zen (26:30), hirugarren Jon Rekondo leitzarra izan zen (27:21)eta Beizamako Eneko Otaño laugarren (28:08).
Gazte mailako finalean azken orduko aldaketak izan Ziren. Eneko Saralegik lortua zuen finalerako txartela eta hasiera batean Larrea III izan behar zuen arerio. Baina bizkaitarrak min hartu zuenez, finalerdietan bigarren izan zen Eloi Kortxero aritu behar zen. Baina azkenean honek ere hutsegin eta Oier Kañamares IV izan zuen finalean kontrario. Eneko Saralegik nagusitasunez irabazi zuen, 17 minutu eta 16 segundotan bukatu baitzituen bere lanak. Kañamaresek 19 minutu eta 11 segundo behar izan zituen.