Herritarrei ulertarazi nahi diete merkataritza-gune handiko kontsumoaren ereduarekin jarraituz gero, karrikak eta herriak triste eta ilun geldituko direla. «Halaber, elkartasuna adierazi nahi diegu azken urte hauetan gure herrian itxi behar izan duten komertzioei».
Izan ere, Denok Bat Federazioak bildu dituen datuak kezkagarriak dira, Baztan Bidasoan azken 10 urteetan 102 komertzio itxi dira. Nafarroa mailako datuek ere joera berdina dute. Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera, 1990ean 7.845 enpresa komertzial zeuden, 2006an 7.562 eta 2015ean 5.555.
Datu hauek eskuan abiatu dute ‘Nik herri bizi bat nahi dut, zuk?’ leloa duen kanpaina. Maiatzaren 25 eta 26an kanpainaren lehen ekintza martxan jarri dute. Egun horietan eskualdeko komertzio, ostalari eta zerbitzu-enpresek beren erakusleihoak beltzez estaltzeko deialdia egin diete eta jasotako erantzuna oso positiboa izan da. Lesakan 67 komertziok parte hartu dute, horietatik 38 dira Lesakako zerbitzu elkarteko bazkideak. Donezteben 60 komertzioek hartu dute konpromezua, horietatik 41 dira Doneztebarrak merkataritza elkarteko bazkide eta Baztanen 96 komertziok estali dituzte erakusleihoak eta horietatik 57 dira Bertan elkarteko bazkideak.
Lehen ekintza esanguratsu honen ondotik kanpaina informatibo bat abiatuko du Denok Bat Federazioak. Horretarako maiatza eta ekainean zehar astero karrikak eta dendak kartel informatiboz beteko dituzte. Horietan eskualdeko komertzioen inguruko datu eta hausnarketak kaleratuko. Kanpaina hau, hedabide, sare sozial eta amaierako bideo batekin itxiko dute.