Euskal mitologia haurrentzako ipuinak II bildumak helburu zehatz bat dauka: betidanik entzundako ipuinez gain, etxeko txikiak mito eta kondairen munduan murgiltzea, egileek beraien etxeetan egin zuten bezala, eta dioten bezala, bizitza guztirako baliogarriak diren irakaskuntza eta balore garrantzitsuez betetakoak direnak.
Egileen hitzetan, «mitoak, kondairak eta pertsonai mitologikoak, belaunaldiz-belaunaldi, inguruan pasatzen zenari esplikazio bat emateko balio izan du. Ahozkotasunari esker, gugana iritsi dira irakaskuntza horiek. Baina orokorrean, mitologia helduentzako bideratutako hizkuntzan iritsi izan da. Hori dela eta, oraingoan haurren hizkuntzara egokitu ditugu ipuinak eta ilustrazio erakargarriz hornitu, gure ondare kulturala txikiengana modu erakargarri eta naturalean iristeko».
Honela, ipuin hauekin itsasoarekin bizitzera erakutsi zigun Miluzarren kondaira, Mariren seme bikiak, Atarrabi eta Mikelats, deabruarekin bizi zirenaren kondaira, Herensuge, Sugaar eta gaixotasunak sortzen zituzten jenioak besteak beste aurkituko dituzue, gure arbasoen fantasia mundura eramaten gaituztenak. Inguruan zutenaz gain, neguko arratsalde-gauak sutondoan pasatzeko modua izaten zuten, istorio zaharrak kontatu eta entzunez. Edozein liburu dendetan jada eros daitekeen hamar ipuineko bilduma duzue eta modu batean ahozkotasuneko tradizioaren garrantzia berreskuratzeko aukera luzatzen duena.
Proiektu bizia
2014ko abenduan sortutako proiektuaren hirugarren zatia da hau. «Liburua orduan Amazonera igo genuen eta hiru egunetan 12.000 deskarga izan zituen - gogoratzen dute egileek-. Ondoren, 2015eko maiatzean, Denonartean argitaletxearen eskutik liburu dendetara iritsi ginen, eta astebete pasatu ondoren bigarren argitaraldia egiteko lana izan zen. Urte bereko urrian, Txalaparta argitaletxearen eskutik, bigarren bilduma argitaratu genuen eta Durangoko azokan lehenengo argitaraldia agortu egin zen Txunditurik gaude. Inoiz ere ez zen gure burutik pasatu, gure etxeko txikientzat sortu nahi genituen ipuinak, iritsi diren tokira iristea».
Hala da, hiru bilduma euskara eta erdaraz argitaratuak, eta lehenengo bilduma frantsesez ere argitaratu dena eta ingelerazko bertsioa Renoko Unibertsitateak argitaratzear duena. «Estatu Batuetako Euskal Etxe askok liburua ingeleraz edukitzeko zer egin behar zuten galdegiten ziguten, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik itzulpenak egiteko aukera sortu zen».
Baina, dirudienez, Pirineoek Atlantiar itsasoak baino traba handiagoa egiten dute, izan ere, nahiz eta liburura itzulia eta argitaratua egon, oso zaila egiten ari da bertan zabaltze prozesua. «Izugarrizko pena ematen digu -diote- Bruselako Euskal Etxetik liburuaren aurkezpena bertan egiteko gonbidapena jaso genuen, eta Sara eta Zugarramurdi aldetik liburu aleak eskatzen dizkigute. Nabaria da bertako interesa, baina komertzializazioa ez da batere erraza. Ea datorren urterako gure bizilagunek gure ondare kultural honetaz gozatzeko aukera izaten duten».
Momentuz, hiru egileak ama direla garbi dute, izan ere «amatasunak bultzatu digu hau egitera eta mitologia berreskuratzen laguntzen ari digu». Buru belarri dabiltza hirugarren bilduma honen promozioan. «Baina gure txikiek ipuin gehiago eskatzen dizkigute, horregatik uste dugu hau ez dela azken lana izanen, baina ziurrenik hurrengo istorioak mitologiatik urrunduko direla uste dugu».