Leitzan ospatuko den Udalerri euskaldunen eguneko egitaraua eta bideoklipa aurkeztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 25a, 08:51

'25 urte euskara hauspotzen' lelopean ospatuko da maiatzaren 28an

Datorren maiatzaren 28an, larunbata, Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da Leitzan. Egitarau oparoa eta mamitsua prestatu dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 25 urte betetzen dituela ospatzeko. Atzo egin zuten festaren aurkezpena Donostian eta egitarauaz gain, abestia eta bideoklipa ere aurkeztu zituzten. 

UEMAren 25. urteurrena «modu herrikoian eta jai giroan» ospatzeko aukera izanen da maiatzaren 28an Leitzan «festa eta aldarrikapena" uztartuz. Izan ere, euskararen arnasguneak sendotzea eta herritarren kontzientzian eragitea izan dira ospakizunaren helburuak hastapenetik, eta horretarako, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana da giltza. Hain zuzen, hori nabarmendu dute antolatzaileek: «Udalerri Euskaldunen Eguna aurten Leitzan ospatzeko aukera mahai gainean izan orduko, Leitzako Udalak eta bertako hainbat elkartek eta kultur eragilek bat egin zuten eguna antolatzeko talde-eragilean».

Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizeko batzar nagusian Ueman sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartuko dituzte: Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta. Horren ostean arnasguneen tailerra egingo dute, Uemak eta udalek antolatua. Horrez gain ekitaldi instituzionala eta flash moba egingo dituzte goizean. Eguerdian, berriz, herri bazkaria egongo da, eta bazkalostean kantu zaharren kantaldia egingo dute, Angel Mariezkurrenak gidatuta. Arratsaldean, DJ Porru haurrentzako ikuskizuna eta elektrotxaranga ibiliko dira herrian zehar, eta eguna amaitzeko, kontzertuak izango dira Atekabeltz gaztetxean.

 

Abestia eta bideoklipa

Euskara hauspotzen izena du festa egunerako apropos sortu duten abestiak eta elkarlanean egin dute; Leitzako bertso eskolako kideak arduratu dira hitzak idazteaz, Unai Zabaletak txistua jo du, Leitzako Erleta eskolako 22 haur eta gaztetxo kantuan aritu dira, Dj Porru eta Kiliklon ekoizpenak taldeko kideekin batera. Bideokliparen grabazioa berriz, maiatzaren 15ean egin zuten, herritar ugariren parte hartzerekin. Juanpe Murillo, Pablo Feo eta Tomson Gorostegi arduratu ziren grabazioak egiteaz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun