Gizonezkoen 300 kiloko kategorian, hasiera batean espero zitekeena baino lan gehiago egin behar izan du Lesakako Beti Gaztek txapela janzteko. Lehen jardunaldian Berriozar A taldea nagusitu zitzaion eta Sunbillan bi taldeek berdindu egin zuten. Beraz, bi jardunaldietako puntuen baturan Berriozar Ak 9,5 puntu eta Beti Gaztek 8,5 puntu lortu zituzten eta bien arteko finala jokatu zuten. Lehen tiraldia Berriozarrek irabazi zuen eta bigarrena Beti Gaztek. Beraz, hirugarren tiraldi bat behar izan zuten eta Beti Gaztek eraman zuen, txapela bereganatuz. Berriozar B hirugarren izan zen, Txantrea laugarren eta Kaskallueta bosgarren.
Emakumeen 235 kilokoan, Berriozar izan zen txapeldun, Txantrea bigarren, Bizindar hirugarren eta Kaskallueta laugarren.
20 urtez azpikoen txapelketa mistoan, 280 kiloko kategorian, Berriozar eta Basaburuak berdindu egin zuten Sunbillako saioan, baina aitzineko hiruetan Berriozar nagusitu zenez, hauek izan dira txapeldun, Basaburua bigarren eta Araxes hirugarren.
Kadete mailan, azkenik, Basaburua jaun eta jabe izan zen eta bi taldeak sartu zituen finalean. Azkenean Basaburua A txapeldun, Basaburua B bigarren, Araxes hirugarren eta Beriain laugarren.