Udalerri euskaldunen eguneko bideoklipa maiatzaren 15ean grabatuko dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 13a, 08:16

‘Hauspotzen, euskara maitatzen’ abestia grabaketan, 22 gaztetxok eta DJ Porruk parte hartu dute. Abestiaren hitzak Leitzako bertso eskolak sortu ditu.

Herritarrak grabaketan parte hartzera animatu nahi dituzte

Maitzaren 28an ospatuko da Leitzan Udalerri Euskaldunen Eguna eta festarako prestatu duten Hauspotzen euskara maitatzen  abestiaren bideoklipa grabatzeko igande honetan jarri dute hitzordua. Bideoan Leitzako parajeez gain, leitzarrak ere agertzea nahi lukete eta horregatik, 12:00etan Ixkibar inguruan eginen diren grabaketetan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak. Antolatzaileek pestetako jantziekin agertzeko eskatu dute (galtza eta kamiseta zuriak, blusa beltza eta zapiarekin).

Bideokliparen eta abestiaren aurkezpen ofiziala maiatzaren 18an egitekoak dituzte. Abestia elkarlanean osatu dute: Leitzako bertso eskolako kideak arduratu dira hitzak idazteaz, DJ Porruk sortu du musika eta herriko 22 haur eta gaztetxo aritu dira kantuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun