Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko sustatzaileek epaitegietako bidea hartu izana salatu dute

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 10a, 15:44
Aroztegiko sustatzaileek epaitegietarako bidea hartu dute.

Alde batetik Garbiñe Elizegi alkate ohia eta Joseba Otondo gaur egungo alkatea salatu dituzte eta, bertzetik, prentsaurreko batean parte hartu zuten zazpi baztandar

 

Lekarozko Aroztegiko egitasmoaren sustatzaile den Palacio de Arozteguia SL enpresak epaitegietako bidea hartu du. Alde batetik, Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia eta gaur egun alkate den Joseba Otondo salatu ditu prebarikazio delitu bategatik. Bertzetik, prentsaurreko batean egindako adierazpenengatik zazpi baztandarren aurka ere demanda jarri du.

Garbiñe Elizegi alkate ohiari eta Joseba Otondo alkateari prebarikazio delituagatik jarri die auzia enpresak eta ekainaren 24an deklaratu beharko dute Iruñeko Instrukzio Epaitegian.

Bigarren demandaren berri maiatzaren 6an eman zuten. Andone Garde, Begoña Etxandi, Itziar Torres, Agurtzane Obregozo, Karlos Beristain, Garbiñe Elizegi eta Miren Meokiri, prentsaurreko baten egindako adierazpenengatik 50.000 euroko kalte ordainak eskatzen dizkiete, bertzeak bertze.

 

«Herritarrak isilarazi eta beldurtzeko helburua dute»

Honen aitzinean, Aroztegia… eta gero zer? Plataformaren ustez, «argi dago jokaldi honekin enpresaren helburua herritarrak isilarazi eta beldurtzea dela, eta baztandarrok Aroztegiako proiektu urbanistiko espekulatzailearen aitzinean dugun iritzea ez ematea». Plataformak jakinarazi duenez, «dirudunak izateagatik Nafarroako komunikabide hegemonikoak beren bozgorailu bezala erabiltzen ahal dituzte, herrialdeko abokatu garestiena kontratatzen ahal dute, UPN eta Geroa Bairen gobernuengandik lehentasunezko tratua jasotzen ahal dute, baina ezinen dute inolaz ere ehunka baztandarrek abiatu dugun herri galdeketaren prozedura geldiarazi».

Aroztegia… eta gero zer? Plataformak gogor salatu nahi du Palacio de Arozteguia S.L. enpresak jazarpen judiziala aukeratu duela, «batzuk gatazka sozialaren aitzinean irtenbide demokratiko bat planteatzen dugun bitartean». Eraso honen aitzinean, Plataformak inoiz baino argiago du abiatu den bidetik segituko duela eta ez duela etsiko helburua lortu arte: «Eskatzen dena argia da, eta ehundaka baztandarrek beren sinadurekin eta apirilaren 23an Elizondoko karriketan eskatu duten gauza bera da: Herri galdeketa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun