Urdazubiko azken dendak ateak itxiko ditu bestak akitzean

Iñigo Imaz 2016ko mai. 6a, 08:09

Anaxtaxi bere dendan, duela hamarkada batzutako argazkian.

Anastaxi Bidart-ek agur erranen du Salbatore bestetako hondar egunean

Dantxarineko bentak alde batera utzita, Urdazubiko herriguneko azken dendak ateak itxiko ditu herriko besten ondoren. Anaxtaxi Bidart jubilatu ondoren, bere ama zen Pepita Organbidek 1952an irekitako negozioak ez du jarraipenik izanen. 

 

Monastegi zaharraren eraikinetako batean ireki zuen Pepitak bere denda, alargun geratu zelarik. Senarra Anastasio Bidart, gazte hil zen, alaba ttikiarekin utziz Pepita. Garai hartan, emakume alargunek, familiaren laguntzarik gabe, zaila zuten aurrera egitea. Pepita etxerik gabe eta ogibiderik gabe geratu zen. Ezkondu aurretik, Alduregian dendari aritu zen Pepita, frantzesez Tres soires (hiru ahizpak) deituak izan ziren Ixabel Jaimerena, Julia Organbide eta Pepita bera. Anaxtaxiren amatxik, hots, Gantxeneako Dolores Gurrutxagak Pepitari etxea eman zion eta denetariko denda ireki zuen Salbatore plazan.

Urdazubiko herrigunea orduan, gaur egun bezala gune aktiboa zen, baina egun jatetxe eta ostatuak nagusi diren arren, karrika haietan hainbat denda zeuden: Bardoxtegia (Konfiteruarena etxean), Fifin (gaur egungo Koxkan), Estebekorenatarren denda (Apalenean), Juakintxoren okindegia (Apalenearen ondoan), Paulita Etxea gozodenda, Ariztiaren harakindegia, Karreteroren ardotegia (Indiano Baitan), e.a. Ejerzito espainolaren kanpamendua Ugarana ibaiaren bertzealdean zegoen, Baztango lurretan baina herriaren ondoan. Urdazubik 600 biztanle izatera iritsi zen eta karrikak jendez gainezka zeuden orduan. Ustegabea etxean, Zenozek taxista lanak egiten zituen.

 

«Kontrabandoan, argal joan eta haurdun bueltatu»

Anaxtaxik komentatzen duenez, janari denda ez zen diru-iturri bakarra: «orduan topolinoak (oinetako mota bat), oihalak eta holako gauzak ekartzen zituen amak kontrabandoan Donibane Lohitzunetik: argal joaten ziren eta haurdun bueltatzen ziren!» –dio, irri artean Anaxtaxik. Amak sukaldatzen ikasi zuen Irungo Maisonabe Hotelean eta Elizondoko Engomez jostunarekin ikasi zuen josten, eta Pepitaren dendan herriko hainbat emakumek ikasi zuen josten: «Ama alargun geratu zen, eta aurrera ateratzeko denetarik egin zuen. Bere ezbeharra gainditzeko, garrantzitsua izan zen denda. Ez zen soilik ogibide bat izan. Hona jostera etortzen ziren gazteek alaitasuna eman zioten. Irratia pizten zuten, eta abesten eta alaitsu pasatzen zuten eguna».

Azken urteotan, hainbat pertsonaia ospetsu pasatu dira dendatik. Politikariak (Iñigo Urkullu, Yolanda Barcina, Karmelo Landa…), abeslariak (Mikel Laboa, Natxo de Felipe, Ruper Ordorika, Niko Etxart, Pantxoa eta Peio), kazetariak (Jose Maria Iñigo Koldo San Sebastian,…).

Besten azken egunean, azken dendak ateak itxiko ditu eta herriko historiaren atal berezi baten amaiera izanen da. Herritarren artean tristuraz hartu da berria, baina, Anaxtaxik, 1986tik lanean aritu den urdazubiar maitatuak, erretreta hartzeko ordua dela uste du: «garai batean, lana eta lana, bertzerik ez dugu egin. Etxekoek behartuta hasi nitzan ordutegi bat paratzen, ia, ia behartuta. Dena den, ez naiz aspertuko, baditut gauza aunitz egiteko eta ikasteko oraindik».

Maiatzaren 8a, igandea izanen dute Salbatore bestetako hondar eguna Urdazubin. Arratsaldean, nesken frontenis eta mutikoen pala txapelketen finalen ondotik, agurra eginen du Anastaxik, pintxoak eta musika eskainiz denentzat eta sariak zozketatuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun