Maiatzaren 6an, ostiral arratsaldeko 6:30ean hasita Leitza Esteribarren kontra ariko da Leitzako Amazabal pilotalekuan. Alebinetan, Aitor Arraras eta Ibai Sagastibeltza izanen dira Leitzako ordezkariak; infantiletan, Eñaut Goikoetxea eta Eñaut Zubiri; jubenil mailan, Hegoi Txoperena eta Ander Alduntzin eta seniorretan, Xabi Jaunarena eta Ander Eskudero.
Maiatzaren 7an, larunbat arratsaldeko 4:30ean hasita, Bera eta Iruña arteko norgehiagoka jokatuko da Berako Eztegara pilotalekuan.
Alebinetan, Unai Llucia eta Jon Pagola izanen dira Berako ordezkari; infantil mailan, Asier Telletxea eta Josetxo Sesé; jubenil mailan, Mikel Eltzaurdia eta Beñat Ordoki eta seniorretan, Beñat Mitxelena eta Jon Olaizola.
Leitza, Bera, Esteribar eta Iruñarekin batera, Zizur eta Ultzama ariko dira A multzoan, lehenbiziko fasean, ekainaren 5era bitarte. Multzoko bi lehenbizikoek lortuko dute finalerdietarako sailkatzea eta bertze multzoko bi lehenbizikoen kontra jokatuko dituzte finalerdiak ekainaren 18 eta 19an Labriten. Final nagusia ere Iruñeko pilotalekuan jokatuko dute uztailaren 2an.