Maite Lakar eta Patxi Petrirena Euskaltzain Urgazle izendatu ditu Euskaltzaindiak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 30a, 11:14
Euskaltzaindiak izendatu dituen euskaltzain urgazle berriak, tartean Maite Lakar eta Patxi Petrirena.

Apirilaren 29an Iruñean burututako osoko bilkuran 6 euskaltzainek jaso zuten Euskaltzain Urgazle izendapena. Elizondoko Maite Lakar eta Sunbillako Patxi Petrirenarekin batera, Amaia Apaulaza Ollok, Xabier Erize Etxegaraik, Rosa Ramos Alfarok eta Castillo Suarez Garciak lortu dute izendapena.

Apirilaren 29an, Iruñean egindako osoko bilkuran, Euskaltzaindiak 6 euskaltzain urgazle berri izendatu zituen. Horietako bi eskualdekoak dira: Patxi  Petrirena, Oreretan bizi den sunbildarra eta Maite Lakar elizondoarra. Gainerako euskaltzain urgazle berriak Amaia Apaulaza Ollo, Xabier Erize Etxegarai, Rosa Ramos Alfaro eta Castillo Suarez Garcia dira.

Gure eskualdeko urgazle berriei dagokienez, Maite Lakar, Elizondon sortua da. Euskal Filologian lizentziatua da eta Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ahozko tradizioaren eta bertze hainbat azterlanen egilea. Gaur egun irakasle funtzionarioa da Bigarren Hezkuntzan. Hizkerei buruzko hainbat azterlan ere eginak ditu.

Patxi Petrirena sunbildarra da. Psikologia ikasketak egin zituen EHUn. Euskara itzultzaile eta zuzentzaile, hainbat argitalpenen egilea da eta, elkarlanean, Euskaldunon Egunkariaren eta EIMAren estilo liburuetako egilea ere bai. 2008az geroztik, Elhuyar Fundazioan ari da, itzultzaile-zuzentzaile lanetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun