Eskualdean erabat berria den proposamena luzatzen du Nafarroako ardo eta Gipuzkoako sagardo bilduma berezia osatu duen enpresak. Iruritako Jauregiarte ostatuan, apirilaren 29an, maiatzaren 13 eta 27an eta ekainaren 17an eskainiko dituzte ordu eta erdiko iraupena duten saioak, ortziraletan 21:00etan hasita. Ordutegi berean, Doneztebeko El Café ostatuan maiatzaren 6an eta 20an eta ekainaren 3an, 10ean eta 24an izanen dira saioak.
Helduek 14 euro ordaindu beharko dute ikastaroan parte hartzearen truke (Baztan Bidasoako kideentzat 12 euro) eta 5 euro haurrentzat. Izan ere, haurrak dituzten familiek ere bertaratzeko aukera izanen dute. Gurasoak dastaketan dauden bitartean, bertako edari, bokadillo eta postrez osatutako otordu txiki bat eskainiko zaie. Helduei dagokienez, Irauliren Nafarroako Jatorrizko Izendapeneko ardo eta Gipuzkoako sagardo bilduma berezitik 5 erdo eta sagardo dastatuko dituzte, baita Baztan-Bidasoan ekoizturiko produktu ezberdinak ere: odolkia, gazta, txistorra, marmelada, barazkiak, intxaurrak…
Ikastaroak baino 24 ordu lehenago erreserbatzea ezinbertzekoa da, 615 730792 telefonoan edo info@irauli.org helbide elektronikoan.