Europak errefuxiatuekin duen jarrera salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu EHBilduk apirilaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2016ko apirilaren 21a

Europak errefuxiatuekin duen jarrera salatzeko elkarretaratzeak eginen dituzte gaur hainbat herritan.

Hego Euskal Herri osoan eginen dira eta eskualdean Beran, Lesakan, Donezteben, Elizondon eta Leitzan.

Europako Batasunak pertsona errefuxiatuekin daukan jarrera lotsagarria salatzeko, mobilizazio kanpaina abiatuko du EH Bilduk. Zentzu horretan, elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko herri eta hirietan, hilaren 21erako (osteguna), VergÜEnza. Beste Europa bat posible da lelopean. Nafarroan 24 herri ezberdinetan eginen dira agerraldiak, eskualdean Beran (Mukixu zubian 19:00etan), Lesakan (Plaza Zaharrean 20:00etan), Donezteben (Parrokia karrikan 19:00etan), Elizondon (Foruen Plazan 19:00etan) eta Leitzan (Euskal Herria Plaza, San Miguek, 19:00etan).

 

EH Bildu oso kezkatuta dago pertsona errefuxiatuen drama humanitarioaren aurrean Europako Batasuneko agintariak eta zenbait sektore politiko eta sozial hartzen ari diren jarrerarekin eta erabakiekin. «Erabaki anker horien adibide argiena da Europako Batasunak Turkiarekin lotutako akordioa, errefuxiatuei muga guztiak ixteko helburua daukana». EH Bilduren ustez, akordioa lotsagarria da, bidegabea eta giza eskubideen nazioarteko hitzarmen guztien aurkakoa. Europako Batasunaren sorrerako helburu eta baloreen aurkakoa da, gerretatik eta pobreziatik ihesi doazen pertsonak etorkizun gabe uzten dituelako.

Era honetako akordio eta erabaki antidemokratikoekin pertsona errefuxiatuen joan-etorria geldituko zela uste zuten Europako agintariek, baina errealitatea bakoitza bere lekuan jartzen ari da: bide batetik ez bada bestetik, errefuxiatuak Europan sartzeko ahaleginetan jarraitzen dute. Eta bide arriskutsuagoetatik. Ikusi besterik ez dago azken egunotan Mediterraneo itsasoan izan diren hildako guztiak. Europa eta Turkiaren arteko akordioak norbaiti mesede egiten badio pertsona errefuxiatuekin aritzen diren mafiei da. Hori da Europak lortu duena. Hori eta mendebaldeko gizarteari errefuxiatuen auzia ezkutatu nahi izatea.

Horregatik guztiarengatik, bestelako oinarrietan eraikitako Europa batean sinesten dutenei eta errefuxiatuen dramari giza eskubideetan oinarritutako konponbidea berehala amaiera eman behar zaiola uste duten euskal herritar guztiei ostegunean herri eta hirietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiten die EH Bilduk. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun