Ekitaldiz betea dator apirilaren 24an Baigorrin eginen den Nafarroaren Eguna

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko apirilaren 21a

Nafarroaren batasuna aldarrikatuko dute igandean Baigorrin, dantza, musika, bertso eta hainbat ekitaldiren bidez.

Separatismorik ez! Nafarroa bat eta bakarra! lelopean eginen da

Hutsik egin gabe, apirileko azken igandean Nafarroaren Eguna ospatuko dute Baigorrin. Eta horretarako egun osoko egitarau zabala prestatu du Basaizea Kultur Batasunak. Separatismorik ez! Nafarroa bat eta bakarra! leloa aukeratu dute aldi honetan: «Izpegiren bi magaletan dantzatzen eta kantatzen duen herria garela aldarrikatzeko. Euskarak batzen gaituela erakusteko. Sustraiak sakon lurrean, eta ametsak hegan haizean, etorkizuna elgarrekin eraiki nahi dugula erraiteko». 

 

Bortz xokotan banatuta antolatu dute egitaraua:

Elizako plaza

• Goizean:  txalapartariak, bertsolariak, artisauen azoka

• 12:00-13:30: Ziganteak, dantzariak (Arrola, Bera, Baztan, Duguna), Txaranga eta musikariak (Kuxkuxtu, Elutxa txaranga, Ezpela txaranga, Uztaritzeko txaranga, trikitilariak, txistulariak...), basaldunak, Basaizearen hitza, Karmeleren irrintzia eta Larrain dantza.

Pentzea

•14:30: bazkari nagusia.

Plaza nagusia

• 14:00: Beira taldea.

• 15:00: Bertso saioa Eneko Lazkoz eta Saats Karasatorrerekin.

• 16:00: Tio Teronen semeak (karrikako dantza ikusgarria).

• 17:00: dantza ikusgarria (Berako dantzariak,  Baztango dantzariak, Duguna).

• 18:00: dantza jauziak.

Herriko Etxea

• 19:00: Kiki Bordatxoren kontzertua.

• 21:30: Xiberoots.

Xokoa

• 19:00: Lauroba.

• 21:00: Emon.

• 23:00: Trikidantz.

• 01:00: Tiri & Terry.

 

Horrez gain, Irrien Lagunen eskutik haurrek euren xokoa izanen dute egun osoan. Kale animazioa ere izanen da egun osoan Klik-k, Polekeleke, Ttek elektroxaranga eta Burrunba elektrotxarangarekin.

Basaizeatik azaldu dutenez, «gure herrian separatista deitu gaituzte. Baina gu ez gira separatistak! Alderantziz. Unionistak gara gu! Gure herria batua nahi dugu! Nafarroa bi zatitan bereixtearen kontra gira. Euskaldunak bi estatutan separatzea ez dugu onartzen. Hemen norbait separatista izatekoz, hori nahi dutenak dira». Hala, apirilaren 24an Baigorrira joateko deia luzatu dute, «muga guzien gainetik bizirik den herria girelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun