Joanes Illarregi leitzarra nagusitu da Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko api. 18a, 11:19
Leitzako Illarregi anaiak izan ziren nagusi, Joanes txapeldun eta Xabat azpitxapeldun.

Xabat Illarregi azpitxapelduna izan zen eta biak ariko dira kantuan Euskal Herrikoan

Altsasuko Itsasi Euskaltegian Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zen apirilaren 15ean. Joanes Ilarregi leitzarrak irabazi zuen txapela eta bere anaia Xabat izan zen bigarren. Biak ariko dira ekainaren 4an Ereñotzun jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekoan.

Txapelketek ohikoa duten lehia kutsua apaltzeko asmoz, formatu bereziko saioa izan zen Maider Ansa aranoarrak aurkeztu zuena. Lehendabiziko fasean bertaratu ziren bertso-eskoletako ikasle guztiek izan zuten kantatzeko aukera. Gaia jarrita, lau oinak emanda eta hitza emanda kantatzeko aukera izan zuten: hamar minutuan bertsoa pentsatzen zuen edonork izan zuen kantatzeko aukera. Azkenean Joanes Illarregi, Xabat Illarregi, Idoia Granizo, Ekain Alegre, Aitziber Grados, Bittori Elizalde, Lide Arrieta eta Ainhoa Arrizabalaga animatu ziren kantura.

Behin ariketa hauek eginda eta epaileek hala erabakita, lau bertsolari sailkatu ziren bigarren fasera:  Xabat Illarregi, Joanes Illarregi, Idoia Granizo eta Ekain Alegre. Zortziko txikian ofiziotan bina bertso osatu ondoren, koplatan aritu ziren kantuan. Azkenean Joanes Illarregik irabazi zuen txapela, Xabat Illarregiren aurretik. Biak ariko dira ekainaren 4an Ereñotzun jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekoan.  Saio ondorengo merenduan kantuan aritutako bertsolari gazteek elkar ezagutzeko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun