Kanpaina berri honekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi da. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea.
Ohi bezala, aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta aise gainera: lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukeratzen ahal dute, hau da, euskaraz egiteko ez dago inolako zailtasunik.
Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean ematen ari garen bertze pauso bat da hau. Baina, pauso handia eta sendoa izan dadin, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da. Euskarak merezi duen lekua izan dezan egunero behar baitu gu guztion zaintza.