Nafarroako lauko sokatira txapelketa hasiko da larunbatean Burgin

Ttipi-Ttapa 2016ko apirilaren 14a

Larunbatean Burgin jokatuko denaren ondotik, Lesakako pilotalekuan jokatuko da Nafarroako lauko sokatira txapelketako bigarren jardunaldia apirilaren 23an.

Lesakako Beti Gazte ariko da gizonezkoen bi kategoriatan, Basaburua-Ultzama 20 urtez azpikoetan eta Basaburua kadetetan

Aurten, hamekagarren aldiz Nafarroako goma gaineko 4x4 sokatira txapelketa jokatuko da. Apirilaren 16an, larunbat eguerdiko 12:30ean jokatuko da lehenbiziko saioa Burgin. Gaur egun txapeldun den Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta gizonezkoen 320 eta 300 kiloko kategorietan lehiatuko da, bina talderekin.

 

Larunbat eguerdiko lehen saioari dagokionez, gizonezkoen 320 kiloko lehen jardunaldia ez ezik, emakumezkoen 255 kiloko, kadeteen 280 kiloko eta 20 urtez azpikoen 280 kiloko lehen jardunaldiak ere jokatuko dituzte.

Gizonezkoei dagokienez, 320 nahiz 300 kiloko kategorietan, Beti Gaztek bi talde plazaratuko ditu, Berriozarrek ere bi eta Txantrea eta Kaskalluetak bana. 20urtez beheitiko kategorian, Berriozar, Araxes eta Basaburua-Ultzama lehiatuko dira. Kadetetan, Baztango Basaburuako bi talde, Berriozarko bi talde, Andra Mari, Beriain, Iñigo Aritza eta Araxes ariko dira eta emakumezkoetan, bi kategoriatan, Txantrea, Kaskallueta, Berriozar eta Bizindar (gonbidatua).

Burgikoaren ondotik, xapelketako bigarren saioa Lesakako pilotalekuan jokatuko da apirilaren 23an, 17:00etan. Gizasemeen 320 kiloko eta emakumeen 255 kiloko bigarren jardunaldiak jokatuko dira eta ondoren, lehen bi sailkatuen arteko finala. Kadeteek eta 20 urtez beheitikoek bigarren jardunaldia jokatuko dute.

Maiatzaren 7an, 18:00etan Antsoaingo pilotalekuan, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumeen 235 kiloko lehen jardunaldiak eta kadeteen eta 20 urtez azpikoen hirugarren jardunaldiak jokatuko dituzte. Bukatzeko, maiatzaren 14an, Berroetako plazan 17:30ean, gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko bigarren jardunaldiak eta lehen bi sailkatuen arteko finalak, kadeteen finalerdiak eta finala eta 20 urtez azpikoen laugarren jardunaldia jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun