Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa apirilaren 15ean jokatuko da Altsasun

Ttipi-Ttapa 2016ko apirilaren 14a

Joan den urtean, Joanes Illarregi leitzarra suertatu zen txapeldun Eskolartekoan.

18 urtez beheitikoen 30 bertso-eskola eta 228 ikasle daude gaur egun Nafarroan

Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatuta, 14 eta 18 urte bitarteko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 30. edizioa izango da aurtengoa, apirilaren 15ean Altsasuko Itsasi euskaltegian jokatuko dena. Ortziral arratsaldeko 6:30ean hasita, hamar bertsolari gaztek hartuko dute parte: Joanes Illarregi (Leitza), Xabat Illarregi (Leitza), Ekain Alegre (Altsasu), Idoia Granizo (Altsasu), Aitziber Grados (Altsasu), Amets Artieda (Altsasu), Aritz Goikoetxea (Altsasu) eta Bortzirietako Bertso Eskolako zein Iruñeko Bertso Eskolako hiru kide izanen dira kantuan.

 

Saioa ikusteko sarrera doakoa izango da eta bertsoaldien ostean merendua eskainiko da bertan. Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuta, honakoa da gazteek egin beharko duten lana:

1.fasea. 10 bertsolarirekin

  • Gai orokorrarekin bertso bat osatu
  • Lau oinak emanda bertso bat osatu
  • Hitza emanda bertso bat osatu

2.fasea. 4 bertsolarirekin

  • Binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan 

Lehen bi postuak eskuratzen dituztenek Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortuko dute. Euskal Herriko finala eta festa ekainaren 4an izango da, Ereñozun.

Lehia formatuko ekimen honekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak. 

Gaur egun 18 urtetik beherakoen 30 bertso-eskola eta 228 ikasle daude Nafarroan. 12 irakaslek gidatuta, eskola orduz kanpo ondorengo herrietan lantzen da bertsolaritza: Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Doneztebe, Ituren, Saldias, Legasa, Sunbilla, Erratzu, Leitza, Lekunberri, Altsasu, Iruñea, Zizur Txikia, Burlata, Barañain eta Lizarran.  

Eskolartekoaren antolatzaileak Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun