Kataluniako musikariak Aralar Musika Eskolakoekin bildu dira asteburu honetan

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 12a, 15:59

Katalunia eta Aralar musika eskolako musikari gaztetxoek elkarrekin atera zuten argazkia Leitzako plazan.

Leitza eta inguruko 35 ikaslek bisitsa itzuliko diete apirilaren 29an

Apirilaren 8tik 10erako asteburuan Kataluniako Vilafranca del Penedésko Clau de Sons musika eskola izan zen bisitan Lekunberri eta Leitza aldean. Aralar Udal Musika Eskolarekin batera antolatutako egonaldi trukaketa izan da eta guztiok bat datoz esperientzi «itzela» izan dela adierazterakoan. Ikusi argazkiak

 

Ostiral gauean Lekunberrira iritsi ziren Vilafrancako 25 ikasle eta 3 irakasleak. Bertan itxaroten zeudenak ongi etorri beroa egin zieten eta une horretan bertan egonaldia ahaztezina izango zelaren sentsazioa zabaldu zen bertakoen artean. Hortik Araitz, Atallu, Eltzaburu, Etxarri, Betelu, Leitza eta Lekunberriko 14 familiatan banatu ziren.

Astebururako prestatutako programa, larunbatean Leitzan egin zen entsegu batekin hasi zen. Ondoren Peru Harri ezagutzeko aukera izan zuten Iñaki Perurenaren eskutik. Aho zabal geratu ziren Iñakik harria eta harriaren bitartez euskal kultura azaltzeko emandako azalpenekin eta nola ez, harri jasotzean ere aritu ziren. Eguerdi partean, Lekunberriko Kattagorri elkartean bazkaria izan zuten eta bazkal ostean elkartea eszenatoki inprobisatua bilakatu zen, bertan kantuan eta dantzan jarri baitziren bertan zeuden 80 lagunak. Arratsaldean berriz, Mendukilo ezagutzeko unea iritsi zitzaien. Bertako teknikarien azalpenekin kobazuloaren sekretuak ezagutu zituzten eta bertan musika jo eta entzuteko aukera ezin zenez galdu, Aralar Udal Musika Eskolako abesbatza gazteak, trikitilari taldeak eta saxofoi solistak errepertorio laburra eskaini zuten.

Igandea iritsi zen eta egun horretan Leitzako zinean kontzertua izan zuten. Bertan 214 pertsona izan ziren Clau de Sons eta Aralar musika eskolako ikasleen kontzertua entzuten. Emanaldiaren zatirik handiena errepertorio klasikoko piezarik ezagunenei eskaini zitzaion Vilafrancako musika eskolakoen zeharkako xirula eta bibolina zein biolontxeloaren formazioaz baliatuz. Aralar musika eskolak oroigarri bat eman eta Vilafrancako neska bati zorionak zuri inprobisatua abestu ondoren, bi musika eskolen artean prestatutako bi abestirekin amaitu zen emanaldia. 

Leitzako plazan oroitzapenerako argazki saioa egin ostean, musika eskolak Aurrera elkartean Vilafranca-koei bazkaria eskaini eta agurra emateko garaia iritsi zen.

Apirilaren 29an gure eskualdeko 35 ikasleak bueltako egonaldi musikala izango dute eta lagun berriekin berriro elkartzeko irrikitan daude jada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun