Neskur Etxenike eta Patti Sanz lesakarrak Gipuzkoako txapeldun atletismoan

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 11a, 12:04

Irungo Txingudi atletismo taldeak 15 domina lortu ditu Gipuzkoako txapelketan, tartean Patti Sanzek (erdiko lerroan, ezkerretik hasita lehena) eta Neskur Etxenikek (laugarrena) lortutakoak.

Jubenil mailan disko jaurtiketan urrezko domina eta pisu jaurtiketan zilarrezkoa lortu zituen Neskurrek eta kadete mailan pertiga jauzian urrezkoa Pattik

Apirilaren 9an Donostiako Anoetan jokatutako Gipuzkoako atletismo txapelketan, Irungo Txingudi Atletismo taldean ari diren Neskur Etxenike Igantzi eta Patti Sanz Feito lesakarrek hiru domina lortu zituzten, bi urrezkoak eta zilarrezkoa.

 

Neskur Etxenike jubenil mailan txapeldun suertatu zen disko jaurtiketan, 27 metro eta 41 zentimetroko markarekin. Ez hori bakarrik, pisu jaurtiketan bigarren izan baitzen, eta 10 metro eta 29 zentimetroko jaurtiketarekin urrezko dominatik 4 zentimetrora gelditu zen. Neskur Etxenike Irungo Txingudi Atletismo Taldean ari da, eta Mª Carmen Mendez da bere entrenatzailea.

Patti Sanz-ek, berriz, otsailean pertiga jauzian Euskadiko txapelketa irabazi ondotik, orain kadete mailan Gipuzkoako txapelketa irabazi du, 2 metro eta 20 zentimetroko jauziarekin (10 zentimetro hobetu du otsaileko marka). Bertze bi probetan ere parte hartu zuen, baina ez zuen podiumera igotzerik izan. Ehun metroko lasterketan 14 minutu eta 85 zentesimako marka egin zuen eta luzera jauzian 4 metro eta 66 zentimetro.

Patti Sanz duela bizpahiru urte hasi zen entrenatzen Irunen, Juanjo Garrancho eta Mari Carmen Mendez prestatzaileen eskutik, baina konpetizioari aurten ekin dio.

Irungo Txingudi atletismo taldeak denera 15 domina eskuratu ditu Gipuzkoako txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun