Iruñean ikusiko da Neskatoak dokumentala astelehen eta asteartean

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 7a, 07:40

Baztan-Bidasoako 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu dokumentalak, ordu betean.

Lesakako larunbateko emanaldiaren ondotik, Donezteben eta Zugarramurdin ere emanen dute apirilaren 15 eta 16an

Estreinatu eta lehenbiziko hilabetean bederatzi emanaldi eskaini ondotik, 20 baino gehiago dira, dagoeneko, Neskatoak dokumentalak lotuta dituen emanaldiak. Horien artean nabarmentzekoak dira aste honetanIruñean eginen diren emanaldiak.

 

Astelehen eta asteartean izanen da aukera dokumentala ikusteko. Astelehenean, Iruñeko Hizkuntza Eskolaren egoitzan izanen da emanaldia, 19:30ean, eskolaren kultur astearen baitako ekitaldietan. Asteartean, berriz, Nafarroako Parlamentuan ikusi ahal izanen da, herritar denentzako irekitako saioan, errepresioaren 80. urteurreneko ekitaldien programazioaren harira. Emanaldia apirilaren 12an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan izanen da.

 

Baztan-Bidasoan, bertze hiru emanaldi

Iruñakoaz gain, bertze hiru emanaldi gehiago izanen dira hegunotan, guztiak Baztan-Bidasoa eskualdean. Hala, larunbatean Lesakako Harriondoa kultur etxean eskaini zuten emanaldia. Apirilaren 15ean, ortziralez, Doneztebeko Herriko Ostatuan izanen da emanaldia, 19:00etan; eta egun bat beranduagoa, hilaren 16an, Zugarramurdiko Sorginen Museoan, 17:00etan.

Dokumentalak 1940 eta 1970 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziako bertze hainbat tokitara lanera joandako emakumeen bizipenak jaso ditu. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia gibelean utzi, eta bizimodu hobe baten bila joan ziren. Batez ere, etxe onetan “interna” moduan eta hotel eta jatetxeetan zerbitzari eta sukaldari lanetan aritu ziren. Baldintza gogorretan aritu behar izan zuten emakume hauek, 12 eta 14 orduko lan-jardunetan; kontraturik eta paperik gabe anitzetan; eta pasaporterik gabe, muga gordeka pasa behar izan zuten hainbertzek.  

Baztan-Bidasoako 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu dokumentalak, ordu betean. Euskaraz sortua da, eta gaztelaniazko azpitituluekin ikus daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun