Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko hirugarren etapak Lesakan izanen du helmuga apirilaren 6an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko apirilaren 5a

Duela bi urte ere Lesakatik pasatu zen Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia.

Gasteizen abiatuko den asteazkeneko etaparen bukaera ez ezik, biharamonean Orion bukatuko dena ere Lesakatik abiatuko da 

2016ko Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren hirugarren etapa izanen da luzeena. Apirilaren 6an, asteazkenean 12:05ean Gasteizetik abiatu eta 16:50 aldera Lesakako Mastegi futbol zelai inguruan helmugaratuko dira txirrindulari profesional onenak, 194 kilometro eta erdi egin ondotik. Tartean, Leitza eta Goizuetatik ere igaroko dira.

 

Gasteizetik abiatu eta zenbait kilometro geroago, gure ingurura Uitziko gainetik barna sartuko dira, Leitzara 14:15 aldera ailegatuz; Leitzatik Basakabira igoko dira (Usategietako gaina, 2. mailakoa), Goizuetara jautsi, Hernani, Oiartzun, Aritxulegiko gaina (2. mailakoa, 16:00 aldera), San Anton, Agiñako gaina (2. mailakoa, 16:15ean), Lesaka (tarteko helmuga), PlazaZaharra, Piedadeko gaina (3. mailakoa), Igantzi, Berrizaun, Etxalarko Benta, Lesakako zubia eta Lesakako helmuga. Goizueta, Arano, Leitza, Igantzi eta Lesakako udalek ohartarazi dute etapa honek trafikoan izanen duen eraginaz eta Lesakan, asteazken goizeko 8etatik aitzinera ezin izanen da aparkatu futbol zelai inguruko aparkalekuetan.

 

Apirilaren 7an, Lesaka-Orio

Asteazkeneko helmuga ez ezik, ortzeguneko etapako irteera ere Lesakan izanen da, 12:50ean Plaza Zaharrean. Etapa laburragoa izanen da, 165 kilometrokoa, baina Endarlatsan barna Bortzirietatik atera eta gero, Jaizkibelgo gaina (1. maila), Arkaleko gaina (3. maila), Garateko gaine (2. maila) eta Aiako gaina hiru aldiz (2. mailakoa) igo beharko dute, Orion helmugaratu aitzinetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun