Baztan-Bidasoaldeko XXIX. Bertso-paper lehiaketa abian da

Ttipi-Ttapa 2016ko api. 5a, 07:45

Joan den urtean Julen Zelaietak irabazi zuen maila nagusian eta gitarra eta guzti kantatu zituen bertsoak.

Lanak maiatzaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira Berako kultur etxean

Berako kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso eskolak, Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoaldeko 29. Bertso paper lehiaketa antolatu dute, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Lanak Berako kultur etxean aurkeztu behar dira, maiatzaren 20a baino lehen, gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz. 

 

Euskarazko, jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.

Ohi bezala, parte hartzaileak lau mailatan banatu dituzte: A maila: 10 urte artekoak. Bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 50 euro (lehenengoak) eta trofeoa eta 30 euro (bigarrenak). B maila: (11-14 urte) Bi bertso edo lau kopla egin behar dituzte. Saria: trofeoa eta 100 euro irabazleak eta trofeo aeta 70 euro bigarrenak. C maila: (15-18 urte) lau bertso osatu beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 150 euro lehenengoak eta trofeoA eta 120 euro bigarrenak. D maila: 18 urtetik goti. Gutxienez 8 bertso egin beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 200 euro garaileak eta 150 euro bigarrenak.

Bortzirietako bertso eskolak izendatuko du epaimahaia eta sariak hutsik uz ditzake, baita sari bereziak eman ere. Ekainaren 3an, ortziralarekin izanen da sari banaketa Berako Kultur Etxean 18:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun