Tomas Torres eta Juan Larre elizondarrek irabazi dute Arkupeak elkartearen mus txapelketa

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 30a, 08:04

Tomas Torres eta Juan Larre, txapelak eta sariak jasotzen Arkupeak elkarteko zuzendaritza batzordeko kideen eskutik.

Finalan Eratsungo Miel Baleztena eta Juan Estangari irabazi zieten

Martxoaren 17an jokatu ziren Arkupeak elkartearen mus txapelketako finalak Doneztebeko Santamaria jatetxean.  32 bikote aurkeztu ziren, 09:30ean hasi eta hamaiketakoa hartuta, 14:00 arte aritu ziren. Bazkalondoan egin zen sari banaketa: Elizondoko Tomas Torres eta Juan Larre izan ziren irabazleak eta txapela, ardo botila eta gazta eskuratu zituzten. Eratsungo Miel Baleztena eta Juan Estanga izan ziren azpitxapeldunak, Zigako Bitoriano Mendiburu eta Alberto Azpirozek osatutako bikotea hirugarren eta Arantzako Timoteo Iguzkiagirre eta Santiago Iparragirre laugarren. 

 

Datozen edizioei begira, txapelketako kanporaketetan parte har­tzea gehiago kontrolatuko dutela aipatu dute antolatzaileek. Bikote batzuk bi herritako kanporaketetan parte hartzen dute eta horrek abantaila ematen diela ikusirik aurrerrantzean, herri bakar batean soilik parte hartu ahal izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun