Errekako duatloi taldea bigarren izan da Euskal Herriko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 9a, 07:41

Erreka bigarren izan da taldeka Euskal Herriko Duatloi txapelketan.

Iñigo Arregi eta Santi San Miguel doneztebarrekin batera, Jon Maritxalar sunbildarrak eta Endika Eugi baztandarrak osatu zuten taldea

Martxoaren 6an burutu zen Basauriko XX. Duatloia, aurtengoan, Euskal Herriko txapelketa erabakitzeko baliagarria zena. Kirolariek 6,2 kilometro lasteka, 18,9 kilometro bizikletan eta hondarreko 2,9 kilometroak berriz ere lasterka egin behar izan zituzten. Doneztebeko Errekak ezusteko emaitza bikaina lortu du, bigarren izan baita taldeka, Araba-Tri taldearen ondotik eta Zarautz Triatloi Elkartearen aitzinetik.

 

Errekaren emaitza, taldearen erregulartasunean oinarritu zen, talde bakoitzaren hiru lehenbizikoen denborak kontuan hartzen baitziren sailkapena egiterakoan. Iñigo Arregi eta Santi San Miguel doneztebarrak elkarrekin sartu ziren helmugan, ordubete, 12 minutu eta 30 segundoko denborarekin eta Jon Maritxalar sunbildarrak ordubete, 15 minutu eta 11 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Hiruen denborak batuz, 3 ordu, 40 minutu eta 11 segundo. Endika Eugi ere ez zen urrun ibili, Jon Maritxalarren baino 20 segundo gehiago, ordubete, 15 minutu eta 31 segundo behar izan baitzuen proba burutzeko.

Araba-Tri taldeak 3 ordu, 29 minutu eta 14 segundo behar izan zituen eta podiuma osatu zuen Zarautz Triatloi elkarteak, 3 ordu, 42 minutu eta 21 segundo.

Guztira 143 kirolarik bukatu zuten proba.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun