Bigarren fasea bukatuta, hiru talde sailkatu dira Bardoen finalerako

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mar. 8a, 08:27

Berako Larungo Antenak eta Etxarri-Aranazko Einnekin taldeak larunbatean Berako Katakun egin zen saioan. Beratarrek lortu dute finalereko txartela.

Leitzako Atekaberts, Berako Larungo Antenak eta Iruñeko Obario Maldikoak izanen dira martxoaren 19an Etxarri-Aranatzen jokatuko den finalean

Asteburuan txapelketaren bigarren faseko azken lau saioak jokatuta, erabakita geratu dira talde finalisten izenak. Atekaberts (Leitza), Obario Maldikoak (Iruñea) eta Larungo antenak (Bera) izango dira martxoaren 19an Etxarri-Aranatzen eginen den finalean kantuan.  

 

Ortziralean hiru saio izan zituen ekimenak; Igantziko Biltoki elkartean Lesakako Unibertsolariak (Iban Garro, Josu Sanjurjo, Jon Silveira, Joxe Juan Zubieta Etxabe) eta Leitzako “Atekaberts” (Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi) taldeko kideak aritu ziren. 50 bertsozale bilduta, pareko saioa egin zuten bi taldeek eta puntu irabazlea lesakarrentzat izan bazen ere, ligaxka barruan jokatutako bi saioen puntu baturak leitzarrak pasarazi zituen finalera.

Eguneko bigarren saioa Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegi Kultur Etxean jokatu zen. Bertako Obario Maldikoak (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo, Aimar Karrika) eta Barañaingo Hiru garabardo eta pintxo bat (Ainara Ieregi, Mikel Lasarte, Manex Mailharin) taldeak izan ziren kantuan. Aretoa 75 lagunek beteta, Barañaingo gazteek eskuratu zuten puntu irabazlea, baina puntu batura handiagoa lortuta, Obario Maldikoak taldeak egin du aurrera.

Etxarri-Aranazko gaztetxean izandako saioan berriz, Einnekin (Eneko Lazkoz, Unai Artieda, Jon Arratibel) eta Berako Larungo antenak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru) taldeek lehen saioa jokatu zuten. Beratarrek irabazi eta  larunbatean izan zuten ligaxka barruko bigarren saioa, Berako Kataku ostatuan. Kasu honetan ere Larungo antenak taldeko kideek puntu irabazlea eskuratu eta finalera sailkatzea lortu zuten.

 

Etxarriko finalerako sarrerak, salgai

Bi hilabeteren ostean, Bardoak Nafarroako taldekako txapelketaren hirugarren edizioa  martxoaren 19an ailegatuko da amaierara. Etxarri Aranazko frontoian jokatuko da finala, arratsaldeko 17:00etan hasita. Asteburuan sailkatzea lortu ondoren, Atekaberts (Leitza), Obario Maldikoak (Iruñea) eta Larungo antenak (Bera) taldeek hartuko dute parte finalean.

Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. 10 euroan dago sarrera Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, 5 euroan 16 urtetik beherakoentzat eta 12 euroan gainerakoentzat. Horrez gain, saiorako sarrerak salgai egonen dira Iruñean, Beran, Leitzan, Lesakan eta Etxarri Aranatzen.

Aipatzekoa da erran.eus webguneko Zozketak atalean sartuta ere bi sarrera bikoitz eskuratu daitezkeela. Zozketa martxoaren 14an eginen da, 12:00etan.

Ohi bezala, finala amaituta triki-poteoa egongo da herrian barna eta amaitzeko Bardoen afaria. Afarirako txartelak ere salgai daude, soilik internetez erosten ahal dira eta kopuru mugatua da.

Bardoak txapelketaren informazio guztia (argazkiak, albisteak, bideoetarako loturak…)  www.bertsozale.eus atarian ikusgai dago. 

Erlazionatuak

Bardoak ekimena azken txanpan!!

Xorroxin irratia 2016 mar 08 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun