Orkoienen abiatu dira Nafarroako Haur eta Gaztetxo kantari jaialdiak

Ttipi-Ttapa 2016ko mar. 7a, 12:56

Orkoiengo saioa bukatzeko, abeslari guztiek elkarrekin kantatu zuten.

Martxoaren 5eko lehen saioan, Azpilkueta, Goizueta eta Lesakako kantariak aritu ziren

Nafarroako haur eta gaztetxo kantari jaialdien lehen saioa egin zen martxoaren 5ean Orkoienen. Partehartzaileen artean eskualdeko abeslariak ere izan ziren, Lesakako Tantirumairu ikastolako LH2ko taldea (Beñat Etxepare, Amaiur eta Ainitze Martinez, Laida Taberna, Hegoi Silveira, Katixa Madariaga eta Beñat Zelaieta), Goizuetako Janire Urdanpilleta eta Naroa Zugarramurdi bikotea eta Azpilkuetako Enara Arregi bakarlaria.

 

Lesakako Tantirumairu ikastolako taldeak Urkoren Guk euskaraz, zuk zergatik ez? abestu zuen; Goizuetako Janire Urdanpilleta eta Naroa Zugarramurdik Gatiburen Bang, bang, Ane Apezetxea eta Aiora Apezetxea pianoan, Unai Muñoz baterian eta Oier Miranda gitarran lagun zutela; Azpilkuetako Enara Arregi bakarlari aritu zen, gitarra lagun eta Latzen taldearen Laztana abestu zuen. Eskualdekoekin batera, Orkoiengo eskolako eta Biurdana eta Sanduzelai ikastetxeetako taldeak aritu ziren.

 

Datozen saioak

Martxoaren 12an Lodosan, martxoaren 19an Lakuntzako zineman eta martxoaren 20an Berriozarko entzunaretoan eginen dira Nafarroako haur eta gaztetxo kantari jaialdiak. Beraz, eskualdean ez da saiorik izanen, baina eskualdeko kantariek parte hartuko dute saio guztietan.

Lodosan, Elizondoko hamar neskek osatutako taldeak Aberriaren mugak kantatuko du, Joxe Angel akordeolaria lagun dutela.

Lakuntzan, Sunbillako eskolako hiru talde ariko dira eta Haurpourri (LH1 eta LH2ko 14 abeslarik), Agur Xuberoa (LH3ko 9 abeslarik) eta Salamankara (LH4, LH5 eta LH6ko 11 abeslarik) kantatuko dute; Elizondoko Abesbatza ttikia osatzen duten 8-14 urte arteko 15 abeslarik lau kanta abestuko dituzte: Bizirik gaudelako (Olatz Zugasti), Non dagoen denbora (Mikel Urdangarin), Martxa baten lehen notak (Mikel Laboa) eta Aldapeko (Kalakan, moldatua) abestuko dituzte eta Aranoko 6-12 urte arteko 10 abeslarik, Joxerra Gartziaren hitzak eta Txomin Artolaren musika duen Aberriren mugak abestuko dute.

Berriozarren, Baztan Ikastolako 18 abeslarik Milaka istoria, milaka abentura (Juul kanta) abestuko dute; Doneztebeko San Miguek ikastetxe publikoko LH6ko hamalau abeslarik Kalakan taldearen Sagarra jo kantatuko dute eta Leitzako 9-10 urteko lau neskak Esne Beltzaren Gure esku dago kantatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun