Gazteak nagusi Bardoetako Leitzako saioan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko martxoaren 1a

Atekaberts eta Unibertsolariak Leitzako Gaztetxean egindako saioan. Ortziralean izanen dute "itzulerakoa" Igantziko Biltokin.

Leitzako Atekaberts taldeak lortu zuen lehen puntua Lesakako Unibertsolariak taldearekin egindako saioan eta itzulerakoa Igantziko Biltokin izanen dute ortziralean

Bigarren faseko saio berri bat jokatu zen ostiralean Leitzako Atekabeltz gaztetxean 80 bertsozale bilduta. Taula gainean zein publiko artean gazte ugari elkartu zituen ekimenak.

 

Leitzako Atekaberts (Migel Mari Elosegi “Luze”, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi) eta Lesakako Unibertsolariak (Iban Garro, Josu Sanjurjo, Joxe Juan Zubieta “Etxabe”) izan ziren kantuan. Saioa oso bizi joan zen eta hainbat ariketetan publikoak gogoz egin zuen barre. Gainera bertsolari arituak eta oso gazteak entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek; “Etxabe”-ren bertsokera landua eta Joanes zein Xabat Illarregi anaien gaztetasunaren freskotasuna esaterako. Bertsozaleen artean ere gazte ugari elkartu zen saioa ikusteko.

Azkenean, leitzarrek eraman zuten puntu irabazlea eta datorren martxoaren 4an Igantziko Biltoki elkartean jokatuko den itzuliko saioan erabakita geratuko da zein talde pasako den finalera.

Igantziko saiorekin batera, ostiralean beste bi saio jokatuko dira; Txantreako Auzotegi Kultur Etxean 19:30ean bertso-merendua eta Etxarri-Aranazko gaztetxean 22:00etan bertso-saioa. Larunbatean berriz Beran izango da hitzordua, 21:00etan hasita Kataku ostatuan. 

Txapelketaren gaineko informazio guztia (argazkiak, albisteak, bideoetarako loturak…)  www.bertsozale.eus atarian ikusgai dago. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun