Saharaztan elkarteak sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu egunotan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko otsailaren 24a

Hassana Aalia ekintzaile sahararrak hitzaldia eskainiko du ortziral arratsaldean Elizondon.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (RASD) sortu zela berrogei urte beteko dira otsailaren 27an eta hitzaldiak eskainiko dituzte Hassana Aaliak ortziralean Elizondon eta Naffak larunbatean Donezteben

1976ko otsailaren 27an sortu zen RASD (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa). Data eta ekimen hauek ospatzeko eta bidenabar sahararrez oroitarazteko Saharaztan elkarteak urtero bezala sentsibilizazio jardunaldiak burutuko ditu. Zehazki bi hitzaldi izanen dira, ortziralean Elizondon eta larunbatean Donezteben.

 

Otsailaren 26an, ortzirala, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean 19:30ean, Hassana Aalia ekintzaile sahararrak, Marokon bizi osoko kartzela ezarri diotenak, hitzaldia emanen du. Gdeim Izik-eko kanpamentuko protesta baketsuan parte hartzeagatik jaso zuen zigor hori. Orain gure arten bizi da baina Marokok bere estradizioa eskatu du. Hassanak Espainiako gobernuari babes politikoa eskatu dio eta erabakiaren zain dago. Hitzaldian okupatutako Saharako egoerari buruz solastuko du, bertako sahararrek sufritzen dituzten giza eskubideen urraketa eta etengabeko jazarpenari buruz bertzeak bertze.

Otsailaren 27an, larunbata, 18:30ean elkarretaratzea eginen dute plazan eta 19:00etan zinema aretoan  aspaldian Donezteben bizi den Naffak, Polisarioko gudari ohiak, hitzaldia emanen du. Saharako Errefuxiatuen kanpamenduko egoerari buruz solastuko du.

Ondotik Coria y el mar filma ikus ahalko da. Dokumental honetan kanpamenduetako saharar emakumeen eguneroko bizimodua ikus liteke.

Nina Navak zuzendu zuen eta gurera pelikula aurkeztera eta horren gainean aritzera Ainara Pagola etorriko da, Coria y el mar dokumentalaren zuzendaritzako laguntzaile eta ekoizlea.

Hau akitzean afaltzera joanen dira Bela­rra ostatura. Bi ekimen hauek doan dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun