Irurita B eta Irurita C taldeek lortu dute paxaka txapelketaren finalerako txartela

Ttipi-Ttapa 2016ko otsailaren 22a

Otsailaren 27an jokatuko dira finala eta hirugarren posturako lehia Iruritako Aranabia pilotalekuan.

Otsailaren 27an jokatuko da finala 18:00etan Iruritako Aranabian eta ordubete lehenago hirugarren posturako lehia

Baztan-Errekako paxaka txapelketaren hamaseigarren edizioko finalerdiak jokatu zituzten otsailaren 20an Iruritako Aranabia pilotalekuan. Bi partida ikusgarri izan ziren eta azkenean Irurita C (Iñaki Etxandi, Guillermo Etxenike eta Mitxel Etxenike) eta Irurita B (Gorka Urtasun, Karlos Goikoetxea eta Jon Sansiñena) taldeek lortu dute finalerako txartela.

 

Finalerdi bikainak

Otsailaren 20an, larunbatean jokatu ziren finalerdiak Iruritako Aranabia pilotalekuan. Lehenbizikoan, Irurita C (Iñaki Etxandi, Guillermo Etxenike eta Mitxel Etxenike) eta Irurita D (Oskar Urrutia, Egoitz Prim eta Jagoba Ramos) aritu ziren eta txapelketako partidarik onena eskaini zuten. Irurita Ck 9-8 irabazi zion Irurita Dri. Partida berdindua joan zen, baina gehienean Irurita D aitzinetik ibili zen markagailuan (0-1, 1-1, 1-3, 3-3, 3-5, 5-5, 5-7, 7-7, 7-8 eta 9-8). Hortaz, azken jokoan bakarrik aitzineratu ziren Irurita Ckoak. Taktika, teknika eta fisiko aldetik partida bikaina izan zen.

Bigarren finalerdia ere ederra izan zen. Irurita B (Gorka Urtasun, Karlos Goikoetxea eta Jon Sansiñena) eta Irurita F (Joseba Urtasun, Patxi Barberena eta Miguel Angel Iñarrea) izanen ziren aurrez aurre eta azkenean Irurita B 9-5 nagusitu zitzaion Irurita Fri. Urtasun anaiak izan ziren aurrez aurre eta bosnako berdinketara arte berdindua joan zen partida, nahiz eta gerora galtzaile izan zirenak ibili aitzinetik. (0-1, 1-1, 1-3, 2-3, 2-5). Baina bosgarren joko horretan gelditu ziren Irurita Fkoak, beharbada fisiko aldetik nekatuagoak. Zazpi joko erreldoan egin zituen Irurita Bk eta honenbertzez 9-5 irabazi eta finalerako sailkatu zen.

 

Beraz, Irurita Ck eta Irurita B jokatuko dute finala otsailaren 27an, 18:00etan Aranabian. Ordubete lehenago hirugarren postua lortzeko lehia jokatuko dute Irurita Dk eta Irurita Fk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun